Beldur eta guzti
Bai horixe ·
Beldurra ez da, erremediorik gabe, nahi duzun hori ez egiteko aski arrazoiLema ederra da Emakundek aspalditxotik kanpaina batzuetan plazaratzen duena: 'Beldur barik'. Ez du beldurra zein den zehazten, baina emakume guztiok, bizitza osoan, orain eta aspaldian, sarritan sumatzen dugun beldurraz ari da eta hala ulertzen dugu guztiok. Lema ederra, ametsen kolorekoa, itxaropentsu garenok etorkizun urrunean kokatzen duguna. Urruti, baina eskuragarri, hori bai, ahaleginduz gero.
Iruditzen zait ahalegin handia egin behar dutela gizonek beldur horren eragina ulertzeko. Eta batzuek lortuko dute, batez ere neska baten guraso bilakatutakoan. Agian bikotekidearekin ulertu ez zutena ulertuko dute alabarekin. Ezagutzen ditut ordu txikitan kalean doazen gizon batzuk aurretik doan neskaren beldurra sumatzen dutenak eta ez dakitenak nola adierazi haiengandik ez dagoela arriskurik, babesa eskaintzeko prest leudekeela behar izanez gero. Batek baino gehiagok kontatu dit horrelakoetan beste espaloira doazela edo lehenengo kale kantoia hartzen dutela.
Ez dut, ordea, sekula santan beldur hori zer den ez dakien emakumerik ezagutu. Edozein adinetan, gainera, zeren adinak esaten dienean/digunean nekez joko duela haiengana erasotzaile batek, gorputzaren ahuleziaren eraginez beldur biderkatua sumatzen baitute/baitugu. Ia jaiotzetik heriotzaraino, txiki-txikitatik zahartzaroraino. Gurea, begien kolorea bezain gurea.
Ados Emakunderen leloarekin, egin dezagun ahal dugun guztia eta gehiago paradisu horretara heltzeko. Baina, bitartean, zer egin beldurrarekin? Lehen pausoa, beldur zarela aitortu zeure buruari. Bigarrena, ikasi beldur hori menderatzen, ikasi beldurra mendera daitekeela, beldurrez ere gauza asko egin daitezkeela, ez duela balio esateak beldur naiz eta, besterik gabe, ez dut hau edo hura egingo.
Beldurra ez da beti eta erremediorik gabe nahi duzun hori ez egiteko aski arrazoi. Sentikizun baten aurrean gutxienez bi aukera daude: amore eman, ur horretan flotatu edo arrazoiari dei egin, arrazoiaren bidez neurtu norainokoa den arriskua, noraino dituzun balizko arriskuei aurre egiteko baliabideak. Ez ditzala zure beldurrak zuri dagozkizun erabakiak hartu.
Hain zuzen, orain guztiontzat zabalik dauden bideak, beldur eta guzti urratu zituzten aurrelari batzuk. Azken batean, hori da benetako ausardia, ez da beldurrik ez sentitzea, baizik eta beldur eta guzti aurrera egitea. Beldurrik ez duena ez da ausarta, ausarta da beldurra menderatzen duena.