Begirada berria
BAI HORIXE ·
Edozein taldek sortzen du begirada bateratu bat hainbat konturen inguruanGutako bakoitzak munduari begiratzeko modu bat du eta horrek baldintzatzen du ikusten duguna eta ikusten ez duguna. Norbanakoa taldean biltzen denean, familian, lagunartean, lanean, elkartetan, bakoitzaren begirada hori aberastu egiten da eta aldamenekoari esker ikusten ditugu lehen itzalean edo oharkabean zeudenak.
Begirada desberdinen gurutzaketa hori ez da beti gertatzen, pertsona multzo bat sortzen den bakoitzean ez zaiolako beti «beste»ari tarte egiten. Alderantziz, askotan norbaitek agintzen du, norbaitek inposatzen du bere begirada. Baina trukaketa demokratikoa edo autoritarioa izan, edozein taldek sortzen du begirada bateratu bat hainbat konturen inguruan.
Horrela sortzen dira talde edo multzo handien begirada partekatuak. Gero, halako batean, aldaketa bat gertatzen da ingurunean eta begirada hori aldatu egiten zaigu, handik aurrera ingurua beste nolabait ikusten dugu, lehen ez bezala. Ez dakigu ze momentu zehatzean gertatu zen aldaketa, ezta nola gauzatu zen ere, baina jakin badakigu begirada aldatu egin zaigula.
Adibide bat jartzearren, hori gertatu zitzaigun askori 2007/2008ko krisiaren ondoren, besteak beste kulturaren inguruko hainbat eraikinekin. Ordura arte egokiak, aproposak, ederrak iruditzen zitzaizkigun hainbat gauza, bat-batean, handiegiak, faraonikoak iruditu zitzaizkigun. Horixe gertatu zitzaigun askori hainbat herrietako kultur hornikuntzekin.
Inbidiaz ere begiratu izan ditut inguruko herrietako hainbat eraikin, gutxienez jakin arte eraikuntza horiek gehiago zutela ikurretik, erakustokitik, kultur jardueretatik baino. Orduan uste genuen aberatsak ginela eta uste horrekin eraiki zen hainbat kultur etxe. Eta aberatsak ez ginela egiaztatu genuenean, bat-batean, hainbat eraikin handiuste iruditu zitzaigun, neurriz kanpokoa.
Koronabirusak ere aldatu egin du jendearekiko gure begirada. Ari zara lasai asko film bat edo serie bat ikusten eta eromena iruditzen zaizu nola pilatzen den jendea, nola ematen dioten musu elkarri edo nola ez dakiten aldameneko horrek kutsa zaitzakeela. Ateratzen zara kalera zuri dagokizun ordutegiari men eginez eta iruditzen zaizu jendeak ez dituela arauak betetzen, zuk bai, kaleak jendez lepo ikusten dituzu, duela gutxi hamaika aldiz jende gehiago bazebilen ere.
Neure buruari galdetzen diot zenbat iraungo duen begirada berri horrek, udan urtuko ote den edo betiko arrastoa utziko digun. Auskalo.