Barkazioak

Gamelu zarnatua izateari utzita hasiko gara atsedena gozatzen hasten

Pello Esnal
PELLO ESNAL

Apenas gelditzen den euskaldunik, zenbat ote?, oporrei 'barkazio' deitzen dionik. Eta pena da hitz honen adiera hori galtzea. Halako jakinduria dario!

Euskaraz esaera gogorrik bada, hauxe da gogorrenetakoa: «horrek ez dio bere buruari opa». Nekez aurkituko dugu norbaiten erretratu ezkorragorik. Lana besterik egiten ez duen batengatik esan ohi da. Bere borondatez zama-zama eginda bizi den batengatik.

Nietzschek gupidarik gabe larrutu zuen horrelako gizakia. Hala, 'Honela mintzatu zen Zaratustra' obran, sakon sartu zuen goldea, hain jokabide ilunaren sustraien bila. Azkenean, gamelu batekin parekatu zuen gizaki hori. Eta gamelu horren erretratua eginez erabili zituen esaldirik gogorrenak. Honelakoxeak-edo, gutxi gorabehera:

Gameluak beti behar du egon besteren mende. Beti behar du norbait gainetik, bera baino jakintsuagotzat eta gehiagotzat joko duena; bera zamatuko duena, bere bizitzak zentzua izan dezan. Beti behar du norbait, behin eta berriz esango diona zein handi den apal izatea eta zein beharrezko men egitea. Utikan zalantza guztiak eta ezetz esateko imintziorik txikiena ere!

Gameluak beti behar du norbait esango diona zer egin eta zer ez. Orduan soilik sumatuko du bere gainean behar adinako karga, seguru senti dadin. Zamak lasaitzen du; zalantzak izutzen. Ez daki berez erabakitzen. Ez du bere burua estimatzen. Ez dio bere buruari ezer opa, zama besterik.

Gameluak baietz esaten besterik ez daki. Baina baiezko horrek ez du ezer balio; ez baitaki ezetz esaten. Besteren onespena besterik ez du nahi. Hori baino ukazio handiagorik!

Baina Nietzschek, «ez du bere burua estimatzen» edo «ez dio bere buruari ezer opa» horien ordez, berdin-berdin esan zezakeen «ez dio bere buruari ezer barkatzen».

Agian, horren harira has gaitezke ulertzen zergatik 'barkazio' hitza bereganatu zuten gure aurrekoek oporrei deitzeko. Ez zuten goldea Nietzschek bezain sakon erabiliko, baina ezagunak zituzten hark erretratutako gameluak. Eta halako zamak utzi ondorengo atsedena baino handiagorik! Eta, batez ere, bazekiten zer zen nork bere buruari ez barkatzea. Beraz, gora 'barkazioak'.

Eta, agian, guk ere horrexetarako balia ditzakegu oporrak: geure buruei barkatzen ikasteko, geure buruei ere taxuzko zerbait opa izateko. Inoiz ez da berandu gamelu izateari uzteko. Orduan hasiko gara atsedena gozatzen hasten. Lehen urratsa izaten da zailena. Gero gerokoak.