Han ez banengo bezala

Eleberri baten izenburua eskatu zidan adiskide batek oporretarako; horixe eman nion

PELLO ESNAL

Oraindik hilabete ez dela, liburu baten izenburua eskatu zidan adiskide batek. Oporretan patxadan irakurtzeko nahi zuela. Literatura ona behar zuela izan. Eleberria. Euskarazkoa. Itzulpena ere izan zitekeela, baina itzulpena denik antzematen ez zaion horietakoa.

Nik, baneukala bat: 'Han ez banengo bezala' duela izenburu; idazlea, Slavenka Drakulić (Kroazia -artean Jugoslavia-, 1949); eta itzultzailea, Amaia Apalauza. Biak emakumezkoak, eleberriko protagonista bezala. Baina gogorregia iruditzen zitzaidala, batez ere oporretan irakur-tzeko. Bosniako gerra duela gai, eta 1992an dagoela girotuta, gerra hartako aldirik latzenean, zer erakusteko eta gerraren alderdirik izugarrienetako bat: emakumeen aurkako bortizkeria.

Adiskideak, ez zitzaiola gaizki iruditzen. Badirela liburu batzuk oporretan irakurtzekoak. Horretarako ere badirela oporrak. Azken batean, bidaia luzea egin nahi zuela herritik mugitu gabe, eta eleberri horren harira egin zezakeela.

Hala, probatzekotan gelditu zen. Eta, probatu bazuen probatu, eleberria osorik irakurri arte ez du onik izan. Bi astean irentsi du liburua. Bi astean egin duela, alegia, uda osoa iraun behar zion bidaia. Baina ez da haserre.

Etorri berria zait liburua eskuetan duela. Horrelakoxe eleberria nahi zuela. Are gehiago, idazleari egindako elkarrizketa ezin bikainago bat aurkitu duela interneten. Elkarrizketagilearen izen-deiturak ere eman dizkit: Jelena Arsić. Agian, atzera eragingo didala elkarrizketaren izenburuak, baina aurreiritziak utzi eta irakurtzeko oso-osorik.

Berak, adiskideak, elkarrizketa horren eskutik luzatu duela eleberria irakurriz hasitako bidaia. Eta horrelako bidaiak dituela gustukoen: nork bere barrura egiten dituen horietakoak, axaleko bidaia turistikoak utzita. (Zahartzen ez ezik, egoskortzen ere ari da adiskidea, lehenaz gain.)

Azkenean, gaur zortzi jarraitzekotan geratu ginen. Izan ere, gaur zortzi, uztailak 18 izango dituela. Eta egun seinalatua dela, askorentzat tabua bada ere. Eta merezi duela horretaz bi hitz esatea.

Bi hitz besterik ez badira, konforme. Baina baldintza zorrotz bat ere jarri nion: gerra-konturik puska batean ez aipatzekoa. Horretan gelditu ginen. Beldur naiz, ordea, ez ote dugun hitza jango. Gaurkotasunak agintzen baitu. Eta gaurkotasuna, tamalez, gerraz odoldua dago. Gerrek ez dakite-eta oporren berri. Zoritxarrez.

Temas

Euskera