Balkoiak agora
BAI HORIXE ·
Koronabirusari esker, balkoiak berriz ere erabilgarri bihurtu zaizkiguEsaten diozu haur bati etxe bat marraztu dezala eta askok antzeko zerbait marraztuko dute: bizpahiru pisuko etxea, teilatua bitan banatua, leihoak begiak bailira eta sarrerako atea ahoa. Dirudienez berdin gertatzen da hori Euskal Herrian edo Bartzelonako auzo batean: haurrek ez dituzte pisuak marrazten, etxeak baizik.
Etxe parean ditut haurren eredua errealitate bihurtuz eraikitako etxeak, duela hamarren bat urte arkitektoren batek marraztua. Ia aurpegia dirudien fatxadari buelta eman eta balkoiak ikusiko dituzu.
Hamarralditan arkitektoak balkoiekin tematu dira. Balkoirik gabeko etxerik ez. Eta jendeak, guk, biltegi bilakatu ditugu. Itxi ditugu, nork bere erara, egin ditugu txabolak balkoietan, etxera begira jarri ditugu, ez kalera. Bertan gordetzen dugu bizikleta, justu izkinan jarri dugun armairuak eta pareko galdarak uzten duen lekuan edo birziklatu nahi dugun zaborra.
Tarteka, lore batzuk, geranioak sarritan edo mintegian sortutako azken nahasketa. Beti balkoiak, erosleak balkoirik nahi ez badu ere. Eta, bat-batean, balkoiak baliagarri egin zaizkigu. Bertan egiten da dantza, kirola, bertatik bete kalea doinuz, txaloz edo garrasiz.
Balkoiak kalera begira jarri ditugu berriz ere edo, gutxienez, etxetik kanpora, pareko balkoiari begira. Antzoki bilakatu ditugu, kiroldegi, komunikazio tresna. Duela gutxi balkoiak trasteleku ziren edo bandera bat erakusteko lekua. Orain osasun sistemaren langileak txalotzeko erabiltzen ditugu, erregearen kontrako zarata sortzeko, horrekin atseden behar duten langileen loa galarazten badugu ere.
Eta, hau da alderik itsusiena, poliziarena egiteko. Gure kalean ez dago balkoirik baina sareei esker ikusi ditut balkoietatik kalean dabilen jendearen kontrako protestak, kalean dabilena zertan edo zergatik ari den jakin gabe. Entzun dut aita bat kontatzen zer nolako irainak jaso dituen leiho eta balkoietatik bere seme autistarekin kalera irten den bakoitzean, indarrean dauden arauek salbuespen hori onartzen badute ere. Ikusi ditut auskalo nongo udaltzainak korrikan ari zen emakume bat atxilotzen, lurrean, leihoetatik oraindik bortxa gehiago eskatzen zuten bitartean.
Ez da oso azkarra izan behar ulertzeko itxialdiak ondorio ezezagunak dituela gure jokaeretan, nor bere erara egokitzen dela bizimodu berrira. Baina leiho eta balkoietatik adierazten den justizia edo mendeku zaletasuna hor zegoen itxialdia baino lehen ere.