Aurpegi zaharkituak

Era guztietan ahalegintzen gara gaztaroan genuen itxura mantentzen

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Gutxienez egunean behin geure aurpegia ispiluan ikusten dugulako gehienoi ia ahaztu egiten zaigu nolakoa zen gure gaztetako aurpegia. Seguruenik gazte garaian zahartzaroan nolakoak izango garen ikusterik izan bagenu, ikaratuko ginateke. Zimurrak eta gainerako aldaketak ez dira, ordea, kolpetik gertatzen.

Zer nahi den, gazte garaiko argazki batekin topo egiten baduzu zerorrek jakingo duzu zu hura zinela, baina seguruenik sasoi hartan ezagutzen ez zintuenak nekeak lituzke nor zinen asmatzeko. Zu hau zara, galdetu zidan duela gutxi era horretako ataka batean adiskide batek, aspaldiko talde argazki bati begira. Hori nintzen, erantzun nuen.

Ez da hori gertatzen haurtzarotik gaztarora doan bidean, orduan pentsatzen dugulako hobera egiten ari garela, bizitzaren gailurrera goazela. Eta gizarteak duela mende erdi gailur hori gaztaroan kokatu zuenez, handik behera soilik beherantz egin dezakegu, amildegirantz. Horregatik ahalegintzen gara era guztietan gaztaroan genuen itxura hori mantentzen, sarritan patetismoraino.

Nik beste neurria dut gaztaroko itxurari dagokionez, jakinda ere ikuspuntu hori ez dela zabalduena. Niri aurpegi horiek ondu gabeak iruditzen zaizkit gehienetan, gordinak, baina batek baino gehiagok esan dit ikuspuntu horrek neure burua zuritu nahi duela, kontsolamendu gisa eraikitako ikuspuntu gezurtia dela.

Zuzena ala okerra, egiazkoa ala kontsolamendurako eraikia, ikuspuntu horrekin azaldu nintzen, duela gutxi, urtetan, hamarralditan ikusi ez nituen pertsona ezagunak biltzen zituen ekimen batean. Batera izan ginen gazte, batera zahartu gara, bakoitzak ahal izan duen moduan.

Berehala igarri nuen desberdintasun bat: lanaren eraginez noizean behin hedabideetan azaltzen garenok abantaila bat dugu, zahartzen ikusi gaituzte, gurekin topo egin aurretik badakite nolakoak garen orain. Baina beste lanbide bat izan duelako zure buruan duela hogeita hamar edo berrogei urtetako itxura gorde duen norbaiten aurrean jartzen zarenean, batzuetan kosta egiten zaizu salto hori betetzea. Adinak jarritakoak kendu behar dituzu, adinak kendutakoak gehitu. Ariketa hori enegarren aldiz egin ondoren pentsatu nuen errazagoa litzatekeela dena baldin eta gutako bakoitzak, kongresuetan egiten den bezalaxe, bere izena paparrean edo lepotik zintzilikatutako txartelean idatzia balerama.