Aukerak eta interesak

Iñigo Lamarca
IÑIGO LAMARCA

Barregura (eta batzueten negargura) sartzen zait Europar Batasunak aukeratu behar dituen karguen hautaketa prozesuko gorabeherak irakurtzen ditudanean. Hasteko, Estatuek, esaten dutenez, beren herritarren hautagaitzak sutsuki babesten dituztelako, horiek haiek interesak defendituko dituzteelakoan. Horrela, Nazioarteko Diru Funtsa (NDF/FMI) erakundeko zuzendaria aukeratzeko, sekulako lehia sortu da zenbait hautagai europarren artean: Dijsselbloem holandarra, Rehn finlandiarra, Calviño espainiarra, Centeno portugesa eta Georgieva bulgariarra izan dira lehiakideak. Inork uste du benetan horietako inork dagokion estatuaren (edo Europaren) interesak defendituko dituela? Ja. Oso ondo ordaindutako lanpostua da, eta ziur naiz hori dela hautagai guztien motibazio nagusia. Beste arrazoi batzuk ere badaude, baina horien artean nazionalitateak (estatuen eta beren buruzagien banitatea alde batera utzita) pisu gutxi du. Eta etiketa politikoak are gutxiago. Adibidez, Dijsselbloemholandarra «sozialdemokrata» da, baina Eurotaldeko burua izan zenean (Holandako Ogasun ministroa zelarik) Alemaniako Merkel/Schauble bikote kontserbadoreak ezarritako austeritatepolitika oso zorrotz aplikatu zuen. Horregatik jaso du hasieratik Alemaniaren apoio irmoa.

NDF/FMI eta Munduko Bankua sortu zirenean, paktu bat egin zuten Europak eta Estatu Batuek, lehenengoaren zuzendaria europarra izateko eta bigarrenarena AEBk izendatzeko. Hartaz, Europar Batasunak proposatutakoa izan da beti FMIren zuzendaria (horien artean, Rodrigo Rato. Espainiaren interesak babestu al zituen?). Baina mundua asko eta azkar ari da aldatzen, eta ekonomiaren arabera asko hazi diren FMIko zenbait kidek esan dute badela garaia aipatu erregela zaharra hautsi eta europarra ez den pertsona bat izendatzeko (Indonesia, Brasil eta abarrek ahaleginak egingo dituzte seguruenik horretarako). FMIren zeregin nagusietako bat arazo finantzarioak dituzten estatuei maileguak ematea da. Nago Estatu Batuen eta Txinaren arteko gerra komertzialaren ondorioz ezusteko dezente izango dituela FMIk, eta krisi ekonomiko-finantzario berri bat badator zer esanik ez.

Estatu guztien erronka eta arazo nagusienetako bat izan ohi da, hain zuzen, nola hornitu finantza publikoak, defizit presupuestarioa eta zor publikoa zentzuzko marjinen barruan mantenduz. Marjina edo muga horiek zenbatekoak izan behar duten bai eta horiek aplikatzeko malgutasunik egongo al den ere izango dira Europar Batzordeak eta Eurotaldeak hartu beharko dituzten erabaki inportanteenetakoak. Horrekin batera, zerga politikaren ildo nagusiak berraztertu egin beharko dituzte Estatuek eta EBk. Zehazki, teknologia berriko enpresa handien fiskalitatea aldatu beharko litzateke. Gaur egun, Google, Facebook, Amazon eta Apple enpresa erraldoiek oso zerga baxuak ordaintzen dituzte Europan, zenbait trikimailu erabiliz. Frantziako gobernuak iragarri du tasa berriak ezarriko dizkiela aipatu enpresei. Trumpek gaizki hartu du berri hori eta frantziar ardoari arantzel edo muga-zerga handiagoak jarriko dizkiola mehatxatu du. Gerra komertziala, arantzelak, enpresa digitalen fiskalitatea, diruaren eta aktibo finantzarioen mugimenduen fiskalitatea ere...Horiexek izango dira, besteak beste, datozen urteetako gai korapilotsuak, zeinetan EBk politika amankomunak eduki beharko lituzkeen biziraun nahi badu. Sistema finantzarioak, nolanahi ere, aldaketa nabarmenak izango ditu datozen urteetan. Batetik, gero eta aktibo finantzario gehiago ari direlako mugitzen bankuen sareetatik at. Bestetik, Txina inbertsio erraldoiak egiten ari delako Asian eta Afrikan -eta neurri txikiago batean baita Hego Amerikan eta Europako ekialdean ere- (azken iragarkia da 200.000 milioi dolar inbertituko dituela Sirian hango azpiegiturak berreraikitzeko), eta horrek laster eraginik izango du yuan txinatar monetak munduko sistema finantzarioan izango duen posizioan. Kriptomonetek (bitcoin eta abarrek) pisu gero eta handiagoa izango dute, nire ustez. Facebookek, bestetik, iragarri du moneta bat sortzekotan dela. Italiako gobernua transakzio ekonomikoak egiteko bono bereziak sortzeko asmotan dabil...

Beste ikuspegi batetik, EBren kanpo hartu-emanei bagagozkio, maiz aipatu ditugu tribuna honetan Errusia, Ukraina, Turkia eta Ekialde Hurbil eta Ertaina. Gero eta garrantzi handiagoa eman beharko lioke, dena den, EBk Afrikari, bai Magreb erregioari, baita jarraian datorren Sahel erregioari, eta baita etorkizunean paper inportantea izango duten Nigeria, Etiopia, Hego Afrika eta abarri. Merkatu komun baterako bidean da Afrika, eta kontinente honen eta Europaren arteko elkarlanerako aukera oso zabalak eta interesgarriak egokitu daitezke. Are gehiago: lankidetza hori behar-beharrezkoa izango da EBrentzat.