Atzo gizon bat joan zaigu

Ostegunero bezala, Rufino Iraolaren zain zegoen zutabe hau. Despeditzeko astirik gabe joan denez, haren semeak idatzi du agurra

BIANDITZ IRAOLA AZANZA

Atzo gizon bat joan zaigu; gure aita. Zuentzat beste aita bat besterik ez da, baina guri bizikletan ibiltzen irakatsi digu. Bertsotan, idazten, kidea errespetatzen... Erakutsi ez dizkigun gauza batzuk ere ikasi dizkiogu: Kuriositatea; adibidez, edozer gauzarekin. Begirada inozente horren falta nabarituko dugu. Eta begirada horrekin egin dituen galderak. Badakigu une horietan zoriontsu izan dela, eta guk ere nahi dugu.

Urrun eraman du kuriositate horrek sakontasunean. Dena kristautasunaren kutxan sartu beharra izan du, derrigorrean, baina kutxa horren kanpoan ibiltzeko beharra eduki du, uneoro. Hori ere izan du: leku batean bazegoen, beste batean egon behar.

Zuentzat beste aita bat gehiago da, baina guri hori dena, eta gehiago erakutsi digu. Eta gauza gehiago egin ditu, sentimendu zurrunbilo honek nahasten dituenak. Zeren orain mina dugu; mina geratu zaigu maitasunaren erakusle bakar.

Mina dugu joan egin delako, mina izango ez denagatik. Mina esan gabeko hitzengatik, mina pilota partidutako euroko apustuagatik, mina gaizki adierazitakoagatik, mina gabonetako etxeko bertso saioengatik, mina oker egindakoagatik, mina risottoengatik, mina bilobei emandako pureagatik...

Inperfektuak batzuk, txikikeriatzat hartuak beste batzuk. Baina denek diote maite zaitugula. Beti esan nahi izan dute maite zaitugula. Maite zaitugu.

Rufino, azkenean, Jainkorik ba al da?

Egun handira arte, Aitte.