Askatasunaren zirrikituak

Jaikintsu zaharrek esaten zuten egiarekin bat egitea zela libre izatea

RUFINO IRAOLA

Askatasuna ez dizu inork emango, zeuk erdietsi beharko duzu, kontzientzia hartzetik eta kritika-gaitasuna zorroztetik hasita; politikak, erlijioak eta abarrek askatzekotan egon gabe. Izatekotan ere, politiko batzuengandik askatu egin beharko duzu, edo erlijioak luzatzen dituen bare-adarrek ere ez gaituzte gutxi atrapatu geure denboran.

Aurreko larunbatean (2018-01-13), 'Sexta Noche'n, maisuki azaldu zuen Ferran Monegalek, notizia bera medio batzuek eta besteek zeinen diferente tratatzen duten, hau da, maiz asko zeinen lotsagabeki manipulaturik iristen zaigun informazioa. Baditut adibide pare bat oso paradigmatikoak. Monegalen hitzetan, TVEren arabera, «Messik ez du kontratua berrituko, 'Procés-ek' aurrera jarraitzen badu», eta TV3k, berriz, hau dio: «Messik berritu du kontratua, txapelketa handietan jokatu ahal izateko konpromisoarekin». Bestetik, Ratok (parlamentuko komisioan) TVEren arabera, hitzik gogorrenak Esquerra Republicanarekin trukatu zituen, eta, garbi ikusi zenez, PSOEko Pedro Saurarekin izan zuen txokerik handiena, eta PPkoak ere ez ziren libratu. Bistan da, libre sentitu nahi badugu, informazioa kontrastatzen eta zenbait mediotatik geure burua askatzen gogor saiatu beharko dugula.

Libratu beharra daukagu beste mila gauzatik ere. «Adibidez, karitatearen atzaparretatik» esatera nindoan, baina beste modu batean esango dut. Ondo dago bihotz oneko edo solidario izatea, eta saiatzen gara GKE-eta laguntzen, baina ez dugu lanik egiten, ez dugu behar beste protestatzen eta exijitzen Gobernuek gure zergak hobeto bana ditzaten, eta onura denei hel dakien. Egoera horretatik askatzeko bidea, kasu honetan, egoera salatu eta borroka egitea da; esaterako, defentsako ministerioaren aurrekontua ez dezatela horrenbeste potolotu, eta pentsioen kaxa itxura gabe hustu.

Askatu beharra daukagu mentalitate honetatik ere, zeinen arabera daukana balio duen gizakiak. Edukitzea, boterea eta fama dira gaurko 'hirutasun santua', horren atzetik garamatzate barne pultsio guztiek. Gizaki librea, aldiz, beste bide batetik doa. Prestua izateak prest egotea esan nahi du, eta prest egoteak munduari beste begi batzuekin, beste bihotz batekin, begiratzea.

Jakintsu zaharrek esaten zuten egiarekin bat egitea zela libre izatea. Beraz, askatasunaren bidea eta egiaren bidea bat eta bera da. Planeta zaharra ere zaborraren mendetik noiz askatuko dago.

Horretarako, ordea, geure barrena garbitu behar estreina.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos