Uda arraroa
BAI HORIXE ·
Aurten ezin dugu edonora joan, ezin dute edonondik etorriEtengabe entzun eta irakurtzen dugu aurtengo uda arraroa izango dela, arraroa ari dela izaten eta egia izango da, urtaro arraro baten atarian egon gintezke. Beste kontu bat da zer kontrajartzen zaion arraroari, zer zen bakoitzarentzat uda arrunta, ohikoa, are betikoa, betikorik balego, noraino aldatu duen pandemiak bakoitzaren uda.
Haurtzaroan uda beti izan da salbuespen, uda delako eskolarik gabeko urtaro bakarra. Hortik kanpo, udari buruzko oroitzapenak hamaikatan zatitzen dira. Nik ez dut haurtzaroan udan etxetik kanpo joaten zenik gogoratzen, ez bidai ez udaldi. Agian kostaldeko haurrak ginelako, udaren bereizkuntza nagusia, eskolarik ezarekin batera, hori zen, itsasoa, hondartza, baina bertakoa.
Gogoratzen dut uda gurasoei laguntzen pasatzen zuela askok. Gurasoen dendan, baratzean, lanbide desberdinetan. Ez zen gure kasua, baina ixten ditut begiak eta ikusten ditut eskola kideak salmahaiaren atzean, bertara heltzeko apropos jarritako egurrezko kutxatxo baten gainean, Mafaldaren komikietan dendariaren semea nola; ikusten ditut baserrian azokarako barazkiak prestatzen edo. Koskortu ezkero, zetozen udatiarren haurrak zaintzen.
Kontakizun ofizialean, ordea, udaldia ez zen hori. Badirudi guztiok joaten ginela uda beste nonbait pasatzera, badirudi guztiok lotzen genuela uda bidaiarekin, besterik ez bada aitak gidatutako autoan. Tira, agian nire oroitzapenak asmatuak dira, hain urruti dago haur-tzaro hura... Agian gu ginen arraroak, autorik ez genuelako, udan etxean gelditzen ginelako eta gainerako guztien-tzat uda eta bidaia gauza bera ziren, agian orduan ere joan-etorri zoroa zen uda askorentzat.
Handik mende erdira ere uda eta bidaia ez ziren beti bat, baina bai sarritan. Onar dezaket gure haurtzaroan salbuespen zena arrunt bilakatu del hamarraldien buruan, agian betebehar. Horregatik izango omen da arraroa aurtengo uda, aurreko urteetan baino gutxiago bidaiatuko dugulako, lagun gutxiago etorriko zaigulako gurera. Turismoa zaildu egin delako, pandemiak eraman duelako.
Ezin dugu edonora joan, ezin dute edonondik etorri. Horretan datza aurtengo bitxitasun nagusia. Gainera, beharrezko zaizkigun festak ere bertan behera utzi dira eta horrek umezurtz utzi du hainbat, galdurik udaren itsasoan. Gazteentzat eta ez hain gazteentzat festak mugarri dira, erromes doaz herriz herri, festaz festa.
Zer gara gu, nor gara gu, bidaiarik eta festarik gabe?