Borrar
Bai horixe

Jesusen bihotz sakratua

Gerra galdu zutenei ez zitzaien guztiz arrotz irudituko monumentua

Lunes, 16 de junio 2025, 00:05

Eztabaida bitxi bezain interesgarria sortu da egunotan Urgulleko tontorrean dagoen Jesusen Bihotz Sakratuaren inguruan. Donostiako udalean ezkerraldeko indarrek bultzatua eta herritar askori eragin diena, donostiar nahi ez donostiar.

Azken 75 urtetan Donostia bisitatu duen edonork ikusi du azpian duen hiria bedeinkatzeko keinua egiten duen estatua erraldoia. Betikotzat duguna, betikoa ez bada ere. Ez nituen hiru urte monumentua eraiki zutenean eta Donostiakoa baina hamarraldi pare bat lehenago Brasilen eraikitako estatuaren berri izan nuenean, pentsatu nuen Brasilgoa kopia zela.

Orain arte Urgulleko estatuari arretarik eskaini ez izanaren ondorioz, ez dakit zer nolakoa izan zen herritarren harrera egitasmoa errealitate bihurtzen hasi zenean. Eztabaidaren harira jakin ahal izan dut Pio XII aita santuaren onespena jaso zuela monumentuak, elizaren poza ilargiraino goratuz eta gerra irabazi zutenen harrotasuna are gehiago puztu zela, estatuaren kaskotik gora.

Azken puntu hau egin zait bereziki deigarri. Kontuan izan behar dugu zerbaitek berdintzen zituela gerra galdu zutenak eta irabazi zutenak. Hain zuzen, batzuk eta besteek fede bera zuten, erlijio bera eta, beraz, apaiz eta gotzain bera, aita santu bera. Nahikoa berdindua egongo zen batzuen eta besteengan Jesusen Bihotz Sakratuarekiko debozioa.

Galtzaileek ez zioten, seguruenik, Bihotz Sakratuari aitortuko Espainia boltxebikeen atzaparretatik salbatu izana, baina mezetako liburuan izango zuen askok sua darion bihotz horren irudia. Ez zitzaien arrotz gertatuko Urgulleko monumentua, esplizituki frankismoa goratzeko asmoz eraiki bazen ere. Azken batean, kale guztiak zeuden sinbolo frankistez josiak.

Familia abertzale, euskaltzale eta katoliko batean sortua, ez dut gogoan estatuarekiko inolako eragozpenik gurasoengandik, ez arratsalde pasa bertara joaten ginenean, ezta aste santuko goiz batzuetan Paseo Berritik gorainoko gurutze bidea egiten genuenean ere eta gure aita zorrotza zen oso kontu horietan, gutxi bera bezain trebeak frankismoaren kirats izpirik txikiena antzemateko orduan.

Gauza da eztabaida piztu dela herritarren artean, oraingo gotzaina ordukoa bezain aldeko, bihotz sakratua bera bezain sutsu, beste batzuk defentsa epelean, hainbat zaila dirudien ekimenaren alde.

Nik ez dakit oraindik zer pentsa, baina iruditzen zait, helmuga edozein izanda ere, merezi duela eztabaida piztu izanak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Jesusen bihotz sakratua