Euskararekin bueltaka
Gogora dezagun nondik gatozen, tematu nintzen neure buruarekin
Bukatu da aurtengo Euskaraldia eta antolatzaileen lehen hitzen arabera, baikorra izan da aurtengoa ere. Helburua, euskararen erabilera sustatzea. Zalantza gutxi dago euskararen erabileraren kontu horretan: ugaldu da euskaldunen kopurua, baina hobeto funtzionatu du ezaguerak erabilerak baino. Eskola frantsesean hizkuntza ikasi bai, baina gutxitan erabiltzen zuten ikasle haiek bezalakoak omen dira gaur egun hezkuntza sistemak euskaldundutako asko.
Esparru guztietan nabarmentzen da korapilo hori, denda batean, kantoiko tabernan, gazte bati kale bat non dagoen galdetzen diozunean. Baina, beti ere nire esperientziaren arabera, ez inolako azterketa serioan oinarrituta, euskaraz lau hitz ezagutzen dituen saltzailea edo tabernaria, askotan ahalegintzen da zuk esandakoa ulertzen. Ez da hain zaila, ez duzu zertan euskaltzain izan taberna batean bi kafesne eskatzen duzunean eskaria ulertzeko.
Mingarriagoa da esperientzia esparru publikoan. Oraindik ere hemen euskaraz bizi nahi duenak oztopo ugari aurkituko du egunero, orduero. Duela gutxi, hain zuzen Euskaraldia martxan zegoela, gidatzen nindoala, ertzain batek gelditzeko keinua egin eta hark esandako puntuan gelditu nintzen. Jaitsi nuen leihatila eta gizonari egun on esan nion. Buenos días erantzun zidan. Noski, ez nuen ertzainarekin elkarrizketa filosofiko edo zientifiko bat lotzeko asmorik, ez nuen errepidearen ertzean euskaltzain bat espero. Besterik gabe, trukatu behar genituen hitz gutxi horiek ulertzeko borondatea izango zuen pertsona espero nuen. En castellano, por favor, esan zidan. Behintzat mesedez eskatu zidan eta ez zidan esan hable usted en cristiano.
Berriz etxerako bidean esan behar izan nion neure buruari honaino heltzeko egindako bidea ez dela makala, duela ez hainbesteko guardia zibilak ez zidala mesederik aipatuko eta niri ere ez zitzaidala sasoi hartan halakoari egun on esaterik bururatuko. Gogora dezagun, tematu nintzen neure buru minduarekin, katakonbetatik gatozela, lurrazpitik.
Etxera heldu aurretik gogoratu behar izan nuen euskara normaltzeko legea, 1982. urrun hartan, Garaikoetxea lehendakari zela, kaleratua eta oraindik ere indarrean dagoena. Hobera egiten ari gara, errepikatu nuen isilean eta letania bat bezala errepikatu. Mantso, mantsoegi, baina hobera goaz, errezatu nuen.
Feministoi bezala gertatzen zaigu euskaltzaleoi, ez dugula borrokarik gabeko egunik, ez igande ez asegun.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.