Borrar
Bai horixe

Euskaldun berria

Euskaraz egiteko ez dago zertan euskaltzain izan, aski da borondatearekin

Lunes, 19 de mayo 2025, 00:00

Deigarria iruditzen zait nola harritzen (miresten?) garen oraindik ere euskaldunok kanpotik etorriko norbaitek (Afrikatik, Ameriketatik, Italiatik…) euskaraz egiten ikasi duela entzuterakoan. Gogora datorkit duela berrogei urte telebistak eskaintzen zituen lehen serie eta filmetan bakeroek eta indioek euskaraz aritzen zirela entzuterakoan gertatzen zitzaigun sinesgogortasuna.

Entzuten duzu euskaraz jatorri desberdina duen norbait kalean edo lanean eta berehala datozkizu gogora hemen sortutako pertsona ugari horiek, hemen sortu, hemen bizi eta hamarralditan euskarazko hitz bat bera ikasi ez duten pertsona horiek, alderatzen duzu euskaldun berri horien jarduna euskara ez dakitela harrokeriaz esaten dutenen jarrerarekin.

Hainbestetan esan digute euskara bera berez zaila dela, ikasezina ia-ia, hain interes eskasa ikusi dugu euskarara hurbiltzeko kanpotik etorritako pertsonengan, balizko zailtasun hori egiazkoa dela sinestera heldu garela. Balizko zailtasuna, gehi interesik eza, berdin hizkuntza hori ikasteko gogorik eza. Are bertan jaiotakoengan.

Aspaldi frogatu da, ordea, ez dagoela munduan hizkuntza zail edo errazik, munduko haur guztiek hasten direla hizketan bi urte inguru betetzerakoan, etxeko hizkuntza edozein dela ere. Gurea 'berez' besteak baino zailagoa balitz euskaldunok gainerako pertsonak baino azkarragoak, adimendunagoak ginateke, epe berdinean zailago den zerbait egiten hasteko gauza ginatekeelako. Eta ez dirudi horrela denik.

Beste kontu bat da ikasi nahi duzun hizkuntza hori zure etxeko hizkuntzatik hurbil dagoen ala ez. Eta euskara ez dago gaztelaniatik edo frantsesetik hurbil. Antzekotasun batzuk ditu, adibidez, alemanarekin, deklinazioak dituelako eta aditza esaldiaren bukaeran kokatzeko joera duelako. Baina, oro har, badirudi euskarak ez duela seniderik, ez behintzat hizkuntza erromanikoen artean dagoen hurbiltasunik.

Nik behintzat txalotzen ditut euskaldun berriak, are euskaldun berri izan nahi duten horiek, ez dut sekula haien trebetasuna epaitzen. Gazteleraz hitz egiteko ez dago zertan jakin nor zen Cervantes. Euskaraz egiteko ez dago zertan euskaltzain izan. Aski da borondatearekin.

Etxean edo hezkuntza sisteman euskaldundu den askoren utzikeria da arazo, ez euskaldun berrien trakestasuna. Horregatik behar ditugu Euskaraldia, Korrika eta antzeko jardunak, euskaraz bizitzen ahalegintzen denak ez dezan heroi izateko premiarik izan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskaldun berria