Tarteka, tantaka, ikastetxe batean gertatutako erasoen berri heltzen zaigu. Txinparta horiek, ordea, hildakoren bat eragiten dutenean ere, ez dira gar izatera heltzen. Sortu, distira eragin eta itzali. Aspaldian emakumeon kontrako tratu txarrekin gertatzen zitzaiguna gertatzen zaigu, oraindik ere, ikastetxeetako eraso baztertzaileekin.
Publicidad
Helduok pentsatu nahi dugu dena dela irribarre, jolas, alaitasun, ikastetxeetan, dena anaitasuna, ahizpatasuna eta senidetasuna. Eta eskolako ordutegia bukatu ondoren sare sozialetan gertatzen dena ondorio kaltegarririk gabeko kalaka. Umekeria hutsa. Baina sare sozialetako jazarpenak lehen soilik zuzenean, eskolan, patioan edo gelan bertan gertatzen zenak etxeraino jarrai-tzen dio erasotuari, ez dio arnas gunerik utziko.
Azken notizia hamalau urtetako neskak bere buruaz beste egin duela da. Sevillan, eskola katoliko batean. Noski, sortu da inguruan zurrunbilo bat, neskari eraso egiten omen zioten hiru nesken izenak zabaldu dira, sare sozialetan eta eskolako paretetan. Eta hor bai, hor asaldatu dira ustezko erasotzaileen gurasoak. Ez omen zuten aldez aurretik bere buruaz beste egin duen neskari eragindako jazarpenaren berri baina, nire alabak ez ukitu. Ez omen dira gauzak bere onetik atera behar. Total, lodi bati gizena dagoela esateagatik.
Erasotzaileen gurasoentzat irainak eta bazterkeria huskeria dira, umekeria. Hildako neskak pitzaduraren bat izango zuen buruan eta horrek eragin du heriotza. Gurasoak eta eskola bera ez dira pitzadura hori antzemateko gauza izan eta hor dago gakoa, ez irainetan.
Kaltetuaren gurasoentzat hildako neska balkoitik behera bultzatu zuten eskuak dira neska erasotzaileak eta, haiekin batera, entzungor egin duten irakasleak. Zenbat gurasok galdetu du etxean seme-alaben eskoletan antzeko zerbait gertatu ote den, antzeko zerbait ikusi ote duten? Zenbat gurasok esplikatu du etxean irain bat huskeria iruditu dakiokeela iraina botatzen duenarentzat eta zauri ikaragarri iraina jasotzen duenarentzat?
Publicidad
Zenbat erasotzailek aitortzen dio bere buruari, handik urte batzuetara ere erasotzaile izan denik? Inor gutxiri entzun diot halako zerbait, ez du inork esaten orain jabetu dela horretaz, damutzen dela beste norbaiti aspaldian egindakoaz. Erasotzaileari ahaztu egin zaio, erasotuari sekula santan ahaztuko ez zaiona.
Eta bitartean, gizartea lasai. Nahiago etxean erasotzaile bat erasotua baino.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión