Borrar
Kareletik

No surrender

Bila dabilen herriak beste modu batean irakurtzen ditu sortzailearen hitzak

Miércoles, 25 de junio 2025, 02:00

Duela urte batzuk, kazetari batek bi idazle elkartu gintuen mahai-inguru batean. Idazlearen egitekoaz galdetu zigun. Zertarako idazten ote genuen. Beste idazlea poeta zen eta, hark, idazlearen egitekoa edertasuna aurkitzea zela esan zuen. Poetaren erantzunarekin bat etorri arren, nik ñabardura bat gehiago erantsi nuen, idazlearen egitekoa eragitea zela defendatuz. Poeta haserretu egin zen. Gaur egun, idazleari denetarako deitzen zaiola kexatu zitzaidan; sormen lanaz gain, iritzia ematea eskatzen zaiola, halako eta bestelako kausak salatzeko sinadura, kanpaina askotarikoetan parte hartzea...

Poetarekin ados egonik ere, sortzaileak edertasuna edukiaren gainean bilatzen duela gehitu nuen eta bien uztardurak bilakatzen duela bere emaitza arte. Baita garai bakoitza ulertzen jakin eta hari egokitzeko ahalmena izateak ere.

Bruce Springsteen, bizitzaren joanari, maitasunari eta adiskidetasunari kantatzetik, Trump-en kontra egitera pasatu da. Kontzertu gauak, demokraziaren eta etikaren espazio utopikoak bilakatu ditu. Horietako gau eta espazio bat izan da Donostia, bai aurreko larunbatean, eta baita atzo ere. Itxaropena eta amets egitea erreibindikatzeko leku ezin aproposagoa.

Rockeroak Donostia oso gustuko du. Bistan da. Duela bederatzi urte, bere azken biran, Donostian pertsona normala sentitzen dela esan zuen. Baina Donostia hori baino gehiago ere ba da Bruce-entzat. Donostia, amore ematen ez duen herri baten isla ere bada. Nortasun propioa duen herriaren ispilu. Haatik jarri ditu bere eszenatokiko pantaila erraldoietan azpitituluak, euskaraz, bi euskarritan (gaztelaniaz euskarri bakar batean). Bila dabilen herriak beste modu batean irakurtzen dituelako sortzailearen hitzak.

Behinola, bere barren ilunari ihes egiteko kantatzen bazuen ere, orain, abertzale bilakatu da, eta oso kritiko. Arteak, musikak, rock-ak, justizia egiteko ahalmena duela esan digu. Eta, demokrazian sinesten dugun guztioi, autoritarismoari aurka egin eta askatasunari kantatzeko eskatu. Musika da, bere hitzetan, eroso eta babestuta sentitzeko gunea. Elkarrekin bat egiten dugula sentitzekoa. Gehiengoaren indarrean sinestekoa.

Springsteen-ek badaki bere mezuek non izango duten eragin berezkoa. Justiziaren eta askatasunaren bila amore ematen ez duten lurraldeetan. Born in the U.S.A. edota Born to Run dira, guztiok ere, amesten dugun mundu askeari kantatzeko proposamen adibideak.

Artistari, edertasunaz gain, gure ideiei forma eman diezaien eskertzen diogulako.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco No surrender