Lezioa
Ikasleen diziplinaren aurrean ezin da ezer egin. Arazoa, ostera, ez da irakasleek egin edo egin ezin dutena
Murtziako institutu bateko irakasle batek, klasea ematen hasteko, 20 minutu behar dituela adierazi du. Ia egunero horrela dela. Eta klasea ematen hasi ostean ere, bost minutuan behin gelditu beharra izaten duela, isiltzeko agintzeko edo esaten ari denari adi egoteko eskatzeko. Bost irakasletik batek lana uztea planteatzen duela gaineratu du, eta irakasleek zer egin behar duten galdetzen du diziplina falta denean, eta ikasleek, egiten dutena egiten dutela, ondoriorik ez duela dakitenean.
Bi urteko umea zein ikastetxetara joango den hautatu behar denean, gurasoek hainbat ikastetxe bisitatzen dituzte, elkarrizketak izaten, umearen eskola-bizitza zer nolakoa izango den aurreikusten... Gurasoek, umearentzako eta umearen heziketarako ustez onena izango den ikastetxea hautatzen dute. Eta joera dago amesteko, halako edo bestelako ikastetxean, gure seme-alabek zenbat ikasiko duten eta ikastetxe horretan emango dioten heziketak zenbaterako balioko dien.
Heziketa, ordea, etxean eta etxetik hasten da. Ikastetxea, osagarri bat baizik ez da. Lehen, ikastetxeetan jo egiten zen; orain, ezin dira ikasleak ukitu. Lehen, irakasleak autoritatea zuen; orain, ikasleek nahi dutena egin eta esaten dute. Eta ezin da ezer egin diziplina faltaren aurrean. Arazoa, ostera, ez da irakasleek egin edo egin ezin dutena.
Ni ez nau inoiz irakasle batek jo. Eta gaztetxotan oso txoliña nintzen. Isiltzen eta gelditzen ez den horietakoa. Aitak sarritan esaten zigun neba-arreboi etxean, klasean isilik egon behar zela, irakasleak esaten zuena bete behar genuela eta ez ginela inola ere klaseko protagonista izan behar. Nik ezagutzen nituen arauak. Aitak behin eta berriz gogorarazten baitzizkigun. Baina txoliña izaten jarraitzen nuen eta klaseko gainontzeko kideak nahasten.
Egun batean, ordea, klase erdian berriketan ari nintzela, ikasgelako ateaz bestaldetik nire aitaren garrasi-hotsa entzun zen. Haserre zegoen oso. Isiltzeko agindu zidan. Neure lekuan jartzeko. Klaseko txoliña izateari uzteko. Ez nintzela inongo eta inolako protagonista. Akaso, asko ikasteko zeukan ikasle soil bat besterik.
Eta isildu egin nintzen. Eta nire lekuan jarri nintzen. Eta burua makurtu nuen. Eta irakasleak klasea ematen jarraitu zuen.
Inork ez zidan sekula ezer esan gertakizunaz, ez nire ikaskideek, ez irakasleak. Lezioa ikasi nuen.
Nire aitak nire heziketa prozesuan zuzenean parte hartu zuen, etxean zein ikastetxean. Hori bai, irakaslearen konplizitatearekin.