Secciones
Servicios
Destacamos
Ze garrantzitsua den, gure gaurko bizitzan, irabaztea. Ia egunero ematen zaigu kirol diziplina batean ez bada bestean, halako edo bestelako txapelketa irabazi duen kirolariren edo kirol talderen baten berri. Eta ez nolanahi. Argazkiak, irudiak, albistea laguntzen duen musika... arranditsuak dira guztiak. Baita irabazleari/irabazleei egindako elkarrizketetatik erreskatatutako goiburuak ere. Garaipenaren ondotiko festak ere gero eta handiagoak direla esan liteke, tronpatzeko arriskurik gabe. Zergatik behar ditugun hain ospakizun handiak, eta hainbeste, horixe galdera. Zer eskatzen diegun tankera horretako erakutsi beharrei. Zer egiten dugun herriak eta hiriak hartzen dituzten festa erraldoietan. Zer jarrera hartzen dugun. Zergatik. Benetan, gu ote garen.
PSG-k Inter de Milan handiari 5-0 irabazi zion aurrekoan, Champions League-ko txapeldun bilakatuz. Goiburuak irakurtzekoak izan ziren: PSG-k Inter zapaldu, birrindu, zanpatu, suntsitu, txikitu... egin omen zuen. Are gehiago ospakizunaren ostekoak: bi hildako, polizia bat koman, ia 200 zauritu, ia 600 atxilotu... Paris ia sutan.
Euforia omen da. Egunerokotik irteteko beharra. Guztiz ahaltsua zarela sentitzeko premia. Garaiezina. Eta onena zarela (zure kirolari edo talde kuttuna onena dela) sentitzeak eramaten zaitu, antza, zuk nahi duzuna egitera: kaleak hartu, zakarrontziei sua eman, faroletara igo, kotxeak marratu, erakusleihoak apurtu, izkinetan txiza egin eta paparra handituta, labanak zerura altxatzera.
Igandean gozatu ahal izan genuen Jokin Altuna eta Iñaki Artolaren arteko buruz buruko finala. Jokin Altunak irabazi zuen txapela, laugarren aldiz. Maisutasuna erakutsi zuen arren, kostatako txapela izan zen, aitari eskaini ziona, bide batez esanda. 22. tantoa egin bezain laster prantatu zuten podiuma frontoi erdian eta minutu gutxiren buruan jantzi zioten Altunari elastikoa, sartu txapela buruan eta koparen pisua erantsi esku artean. Izerdia lehortzeko astirik gabe eskatu zioten telebistaren pantailan sinadura botatzeko eta zuzeneko elkarrizketa. Dena bizkor. Dena handi. Bat-batekotasunaren presak bihotzak taupakatzen...
Biharamunean irakurri nuen, ordea, iruzkinik gogoangarriena, Altunak berak emandakoa: momenturik onena dutxan bakarrik gelditu zenekoa izan zela. Garaipena bere buruari aitortzen irudikatu nuen. Handitasunaren bakardadean. Zaratatik at. Demostratu beharrik ez duenaren lasaitasunean.
Nik, momentu hartan egin nahiko niokeen elkarrizketa. Eta euforiaz galdetu.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.