Gure ahotan
Hildako batek, bere hiltzailea epaitzen zuten epaiketan deklaratu du
Estatu Batuetan gertatu da, beste hainbat bitxikeria bezala. Hildako batek, bere hiltzailea epaitzen zuten epaiketan deklaratu du. Bi aldiz irakurri behar da eta albistean sakondu, ulertu ahal izateko. Hildakoaren familiak, adimen artifiziala baliatuta, hildakoaren bizki bat sortu eta epailearen aurrean hitz egiten jarri du. Hiltzaileari ere zuzendu zaio. Eta heldu zaigun albistea da, biktimaren hitzek epailea hunkitu egin zutela.
Biktimaren familia eta lagun artekoek, 37 urteko AEBetako ejertzitoko beteranoa nolakoa zen agerrarazi nahi zuten, antza. Bere heriotza, funts gabea izateaz gain (txikikeria bategatik eztabaidatzen hasi eta bien arteko ezin ulertuari tiro batek eman baitzion amaiera), pertsona on bat hil izanak duen pisua ohartarazi nahi zuten. Gutunak idatzi zituzten. Sinadurak jaso. Baina zerbait falta zitzaiela adierazi du biktimaren arrebak. Eta epaitegietan adimen artifizialaren erabilerari buruz ez zegoela arautegi zehatzik ikusita, urratsa ematera ausartu ziren. Biktimaren hitzak eramango zituzten epaiketara. Gertatutakoari buruz zukeen iritzia emango zuen. Hiltzaileari ez zuela merezi esango zion. Bizitzaren beste momentu batean elkar ezagutu izan balute, lagunak izatera ere irits zitezkeela adieraziko...
Badirudi, biktimaren deklarazioaren aurretik epaileak, jada, erabakia hartua zuela. Badirudi, epaiketaren emaitzan ez duela eraginik izan, nahiz eta hiltzaileari jarritako zigorra hasiera batean aurreikusitakoa baino gogorragoa izan den (urte bete gehiagoko kartzelaldia). Eta hedatu den galdera honakoa: aurrerantzean, epaiketetan, biktimaren ahotsa erabili ahal izango ote den froga edo lekuko gisa. Mota honetako adierazpenek beste alderdiaren onespena beharko ote duten. Zenbateraino berreraiki edo manipulatu daitekeen biktimarena zatekeen iritzia.
Niri, ostera, beste galdera bat datorkit burura. Biktimari inork galdetu ote dion bere irudia eta hitzak erabiliak izan daitezkeen. «Bere hitzak» diogunean, norenak diren hitz horiek. Ez baitira hildakoarenak. Baizik eta, kasu honetan, familiak esanda utzi nahi zituenak. Zer eskubide daukan, familiak, biktimaren irudia erabiltzeko eta esango zukeena asmatzeko. Hau guztia fake bat ez ote den. Hau guztia pertsonaren duintasunaren kontra ez ote doan.
Nago, testamentuen gaian azter-lerro berri bat irekitzen dela. Herritar gisa adierazita utzi beharko baitugu gure irudia erabilia izatea nahi dugun, eta beste batzuen hitzak gure ahotan jartzea baimentzen dugun.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.