Aingura bila
Lanpostu gehienak ez dira betiko, ezta bikote gehienak ere
Asteburu honetan 166.000 pertsona lehiatu da Postan lan finko bat lortzeko asmoz. Zozketan, lau mila lanpostu besterik ez. Aurkeztu direnen ikuspuntutik, bizitza osoko segurtasuna, langabeziari ihes egiteko aukera. Batzuentzat katea dena beste askorentzat salbabide.
Dirudienez, idazleak lehiaketa literariotan nola, halaxe jokatzen du lanpostu finkoa amets duenak. Epaimahai lanetan ari zarenean ikusten duzu eleberri bat hiruzpalau lehiaketara aurkezten dela, poema sorta bat lauzpabost sariketara, baita sariketa berera bi urte segidan. Betiko lanpostu baten bila dabilena, berdin aurkeztuko da Postara edo Aldundira, Jaurlaritzara nahiz Kutxara. Ez du lanaren jarduera edo egunerokotasuna bereizten, lanpostuaren finkotasuna baizik. Argi du zeren bila ari den.
Hori zen ere nire gurasoen ametsa seme-alabentzat, eta ia-ia bete zuten. Baina sasoi hartan normalena zen leku batean lanean hasi eta bertan jubilatzea, horregatik esaten zen lana aurkitu zuena kolokatua zegoela. Horixe egin zuten etxeko gehienek, kolokatu egin ziren. Kapitalismoak norabidea aldatu zuen arte.
Horrela iritsi gara puntu honetara, azken krisien kolpeen ondoren oraindik indarberritu gabe eta lehengo onera itzuliko ez garela ondo ikasita. Aldi baterako den kontratu mugagabea bera helburu da. Badakizu ez duzula lanbide horretan bizitza osoan jardungo, baina gutxienez zure kontratuak ez du iraungitze data jakinik eta hori etxekoekin eta ingurukoekin ospatzen duzu, xanpain eta guzti, atsedenaldi bat ekaitzaren erdian.
Baina benetako finkotasuna nahi baduzu, hil arteko lanpostua baduzu amets, funtzionario izatera behartua zaude, hori da gelditzen zaizun aukera bakarra. Hori eta agintera heltzeko aukera asko duen alderdi politikoren bat, baldin eta agintzen dutenei itsukeriatik hurbil dagoen mugarik gabeko leialtasuna eskaintzeko prest bazaude.
Lanpostu gehienak ez dira betiko, ezta bikote gehienak ere. Irmo zena likido bilakatu zen, likidoa zena lurrun. Horregatik bilatzen du hainbeste jendek segurtasun izpi bat ahal duen lekuan, lanpostuan, sinesmenetan, ideologietan. Aingura bila gabiltza, zerbaiti heldu nahi diogulako, urak galbidera eraman ez gaitzan.
166.000 postarigai eta lau mila lanpostu. Beraz, 162.000 amets zapuztu, hurrengo aukera non eta noiz irtengo den zelatatzen, kandela nori jarri behar zaion galdezka.