ABSTINENTZIA DIGITALA

ARITZ GORROTXATEGI

Konturatu ez arren, denok ari gara lanean Facebook, Google eta antzeko enpresentzat. Bilatzailea erabiltzen dugun bakoitzean arrasto bat uzten dugu, guri buruzko informazio jakin bat. Ondoren, enpresa erraldoi horien algoritmoak gai dira gure jokabidea aurreikusteko, eta, ondorioz, gure kontura dirua irabaz dezakete. Horrelako zerbait irakurri nion joan den astean Markus Gabriel izeneko filosofo alemaniarrari elkarrizketa batean. Proletario digitalak omen garela. Esklabo digitalak. Gainera, auskalo zer egiten duten edo nori saltzen dioten guri buruzko informazio hori guztia. Neurri handi batean, nahiz eta garai moderno batean bizi garela uste izan, Erregimen Feudal moduko batean bizi gara, eta teknologia berrien kontrola dutenek nahierara jokatzen dute gurekin. Haiek dute mundu digitalaren kontrol ia erabatekoa, baita 'fake news' delakoena ere.

Ikaratzekoa ere bada. Dena dakite gutaz, eta gu ez gara ezertaz ohartzen. Jokabidearen kontu horri nola buelta eman pentsatzen hasi, eta zerbait bururatu zait bat-batean. Guk utzitako arrastoen bidez nolakoak garen baldin badakite, utz ditzagun arrasto faltsuak. Eskaini egunean hamar minutu bilatzailean atsegin ez dituzun gauzak bilatzeari, interesatzen ez zaizkizun salgaiak begiratzeari... Asma dezagun kezko gortina bat gure inguruan, guri buruzko 'fake' bat, benetan gu ez den beste norbait. Nahas ditzagun algoritmoak.

Ideia bikaina zela pentsatzen hasita nengoenean, berehala ohartu naiz oker nenbilela: algoritmo horiek luze gabe ohartuko dira gezurretan ari garela. Agian, eraginkorragoa da tarteka argia itzaltzea eta abstinentzia digitala praktikatzea. Azken batean, paradoxikoki, argia itzaltze hutsarekin aske izan gaitezke.

Temas

Euskera