ABESTI BAT ZURETZAT

KARLOS LINAZASORO

Beti egin ezin nahi nuen abesti bat zuretzat. Horretarako, nerabezarako garai apolineo zoragarrietan, mendebal itsasertzeko honky tonk guztiak bisitatu nituen, eta haiek kudeatzen zituzten woman eder guztiekin hitz egin. Baina ez zuen ezertarako balio izan. Buruan neukan, borborka, gau eta egun, abesti hura I said, hey honey, take a walk on the wide side, Lou handiarena, eta ez zitzaidan ezer antzekorik ere ateratzen. Ezta hamarreko ttikian jotako pieza ziztrin bat ere. Zuri oparitu nahi nizun, my honey, eta gero kitarra akustikoarekin jo, edo piano isatsdunarekin bestela, zure begientzat bakarrik. Baina ez daukat dohain hori, hobeto ateratzen zaizkit cronopioak eta magdalena proustiarrak, hobeto ateratzen zait aingeru budina, kantu xume bat baino. Eta hala bada abestirik gabe gelditu zinen. Eta abesti bat egiten ez dakien nerabe bat kaka hutsa da, eta kaka hutsa baino gehiago ere bai. Lehen bezala orain ere. Zure garaiko neskatil guztiek zeukaten bere abestia, zuk izan ezik. Leihotik behera bota nahi izan ninduzun, ez dut sekula santan ahantziko, azaroak lau betetzen zituen egun hotz batean. Nik segituan ulertu nuen inoiz ez ginela elkarrekin zoriontsu izango eta, despedida modura, Muñoz Rojas maisu handiari plagiaturiko soneto liburu bat oparitu nizun. Maiuskularik ere ez zenuela ulertzen esan zenidan haserre gorriturik eta, Ameriketatik ekarri nizun zippoarekin, su eman zenion batere xamurtasunik gabe kaiera pollitari. Arratsalde hartan nire estreinako asasinatoa burutu nuen.

Temas

Euskera