19.998

Gerra ez da egun batetik bestera hasten. Prestatu behar izaten da, jendea psikologikoki prestatu

Pello Esnal
PELLO ESNAL

Urte askotxo pasa dira 1936 hartaz geroztik, eta minbera dago oraindik zauri zaharra. Zenbat aldiz berritu diguten aurrekoek gerratea eta ondorengo urte beltz haietakoa! Hala ere, zuzen-zuzenean bizi izan zutenek apenas zabaldu ohi duten ahorik. Zuzen-zuzenean bizi ez zutenak izan ohi dira ahoberoenak. Aukeran, nahiago hitz gutxiko lagunak.

Adiskideak, aste honetan, hiru mezu bidali dizkit posta elektronikoz, gaurko hizketa bideratzeko edo. Lehenengoak honela dio:

«19.998 hildako. Gogora erakundeak eman berria dik kopurua. Oraingoz, kopuru horretara iritsi dituk, 1936-1939ko gerratean eta ondorengo sei urteetan gerraren ondorioz hildako euskaldunak banan-banan zenbatuz, izen eta deitura.

Horien artean ditiat bi osaba. Ez genitian ezagutu, baina zenbat aldiz entzun ditugun haien izenak etxean! Frontearen alde banatan utzi zitean bizia gizajoek, sasoirik onenean».

Beste bi mezuak, Slanveka Drakulić idazle eta kazetari kroaziarraren hitzez osatuak dira. Hitzik gabe utzi ninduten.

«Gerra ez da egun batetik bestera hasten. Prestatu behar izaten da, jendea psikologikoki prestatu. Izan ere, jendeak sinetsi egin behar du, batetik, etsaia duela aurrekoa eta, bestetik, zilegi dela haren aurka itsu-itsu ekitea, ez begi eta ez bihotz. Adibidez, Jugoslaviako azken gerra prestatzeko (1991-2001), bost urte behar izan ziren gutxienez. Pertsona hiltzea da gure kulturan dagoen taburik handiena. Horretara iritsi ahal izateko, hura etsai bihurtu behar dugu lehenago. Biolentzia legitimatu arte, jendea ez da ekintzetara pasatzen. Baina, behin odola isurtzen hasten denean, horrek ez du azkenik».

«II. Mundu Gerran, bost mila aleman joan ziren boluntario Poloniara. Haietako bik bakarrik -bi lagunek besterik ez!- uko egin zioten hilketa masiboetan parte hartzeari.

Ez zituzten zigortu. Eta, hala ere, nahiz eta jakin hilketetan ez parte hartzeagatik ez zutela inor zigortuko, boluntario gehienek hil eta hil jarraitu zuten. Konformismoagatik: besteek bezalakoak izan nahi zutelako. Ez nabarmentzeagatik. Inoiz ez dakigu zertarako gai garen».

Gero, hamaikak aldean, adiskidea eta biok elkartzen garenean, ez dakit gai izango ote garen mezu horiei ezer taxuzkorik eransteko. Hain dira izugarri bezain argigarriak.

Temas

Euskera