Bihar hasiko dira Karrikako festak eta igande bitarte luzatuko dira

KOXKOOIARTZUN.

Asteburu honetan, Karrikako festa batzordeak Oiartzungo Udalaren laguntzarekin Andramari festak antolatuko ditu. Egitarau oparoa prestatu dute beste behin ere.

Goizeko hamarretan hasiko dira Lartaun Txistulari Taldeko musikariak festa giroa zabaltzen. Festa lehertuko da 10:30ean, txupinazoarekin. Ondoren, kalejira egingo dute eta buruhandiak bertan izango dira. 11:00etan mezara joateko aukera izango da. Jarraian, Haurtzaro Dantza Taldeak dantza-saioa eskainiko du eta gaztetxoak pilota partidak jokatzen hasiko dira Artaso pilotalekuan. Bazkaldu ondoren, 17:45ean idi dema izango da eta parte hartuko dute uztarriekin, Jesus Garaiarrek (Mixiyua), Patxi Illarretak eta Artasok. Gainera, otar eder baten zozketa egingo da. Gaualdean, Artaso Elkartean plater konbinatuak eta ogitartekoak afaldu ostean antzerkia eskainiko dute Txiribuelta taldeko kideek, 'Kabaret' izenekoa. Gauerdian, zezensuzkoa ibiliko.

Ostiralean atseden apur bat hartuko dute. 20:00etan elkarteratzea egingo dute Oidultz dultzaina taldearekin eta 22:00etan XXXII. Truk Txapelketa.

Sagardo dastaketa

XI. BTT Irteerarekin hasiko dute larunbata, 9:00etan hasiko dira txirrindulariak, baina, izen emateko 8:15ean hurreratu beharko da. Mendian barrena nekatu ondoren, hamaiketako goxoa izango dute Artaso elkartean, indarberritzeko. 10:00etan, goiz eresia eskeiniko dute, oraingoan, auzoko trikitilari gazteek. 14:00etan egingo dute, urtero bezala, Auzoko Bazkaria. Artaso elkartean bilduko dira eta auzoko nagusienak sarituko dituzte. Segidan, 18:00etan XX. Sagardo dastaketa egingo dute. 19:00tan herri kirolen txanda izango da, 'Karrikako etorkizuna munduaren kontra' izenpean. Amaitzeko, plater konbinatuak eta ogitartekoak jateko aukera izango da auzoko elkartean.

Pilota partidak

Igandean, hilaren 16an, amaituko dira festak, kirolari leku ederra eskainita. Hala, 10:00ean diana Oidultz taldearekin. Segidan, kross txikia eta haur jolasak. Jarraian, pilota partida jokatuko da frontoian. Eta 13:00etan, XIV. Toka txapelketa. 17:00etan, zezen txikiak eta poniak ikusgai izango dira. 18:00etan, berriz, Zaldi proba egingo dute, Imanol Mujikak eta Andoni Mendizabalek. Proba amaitzean, otar eder bat zozketatuko dute. Afaltzeko garaian, plater konbinatuak eta ogitartekoak izango dira, Artaso Elkartean. Eta 23:00etan hasita, su artifizialak eta zezensuzkoa.