Zazpigarrenez egingo dute Arditurri eguna

Txikienek ere egunaz gozatzeko aukera izango dute jolasetan./
Txikienek ere egunaz gozatzeko aukera izango dute jolasetan.

Arditurriko Interpretazio Zentroaren hamargarren urteurrena ere ospatuko dute

GARAÑO OIARTZUN.

Bihar ospatuko dute Arditurri Eguna meatze gunean, Aiako harria Natura parkean, Gipuzkoako Parketxe Sarea eta Oiartzungo Udalaren eskutik. Gainera, Arditurriko Interpretazio Guneak 10 urte bete ditu aurten eta horregatik, hilaren 15ean oinarrizko eta sakoneko bisitak dohainik eskainiko dira. Horretarako txartelak igandean bertan hartu beharko dira meatzeen sarreran.

Familia giroan disfrutatzeko eguna izango da igandekoa. Izan ere, haurrentzako jolasak eta erronka prestatu dira. Bestalde, taberna ere jarriko da 10:00etik 14:00era jan eta edari zerbitzuarekin Oihartzun Guk gazte asanbladaren eskutik. Igeldoko Arrano Etxean Sendatutako hegaztien askatzea ere egingo da. Hain zuzen ere, zapelaitz bat eta belatz gorri bat askatuko dira. Giro aparta ez da faltako igandean, beraz, meatzeen inguruan.

Bertako antolatzaileek berrikuntza bat aipatu dute: argazki-erakusketa. Egun horretan inauguratuko dute erakusketa eta urrira arte egongo da ikusgai bertan. Argazki zaharrak izango dira erakusketan agertuko direnak. Hain zuzen ere, Arditurriko azken meatzaritza urteetako argazkiak ikusteko aukera izango da. Bertako langile izandako Manuel Dominguezi esker lortu dituzte 70. hamarkadako argazki hauek.

Egitarau zabala osatu dute iganderako: Goizeko 10:00etan argazki erakusketaren inaugurazioa egingo dute eta bertan Arditurriko meatzaritzako azken urteetako argazkiak egongo dira.

Goizeko 10:30etik 14:00etara meategien bisitak egiteko aukera egongo da, eta aurrez aipatu bezala dohainik izango da. Oinarrizko Bisita eta Meategia Sakonean bisita biak egin ahal izango dira. Hala ere ez da aurre-erreserbarik egingo, eta beraz, sarrerak egunean bertan hartu beharko dira.

Goizkeo 10:30etik 12:30era erronka izeneko ekintza egingo da Interpretazio zentroaren inguruan. Haurrentzako izango da eta antolatzaileek aipatu dutenez, adinka sailkatuko dituzte hurbiltze diren umeak. Ondoren, emarrik egingo duen erakustaldi antzeko bat egin beharko dute haurrek zaku bat bultzatuz. Adinka zakuaren pisua ezberdina izango da. Parte-hartzaileen artean txanoak eta kamisetak banatuko dira, eta irabazleek Arritxulo aterpetxean familiarekin asteburu bat egoteko saria jasoko dute.

Bestalde, 10:30etatik 13:00etara haurrentzako tailerrak eta jolasak egongo dira Abaraxka ludotekaren eskutik.

Eguerdiko 12:00etan Hegazti-askatzea egingo dute. Igeldoko Arrano Etxean zauritutako edo gaixotutako animaliak sendatzen dituzte eta gero, haien ingurune naturalera itzultzen dituzte. Hori dela eta, han sendatutako bi hegazti askatuko dira Arditurrin: zapelaitza eta belatz gorria. Lehenik oinez joan beharko dute leku egoki eta eder batera (5 minutuz, gutxi gorabehera) eta ondoren hegaztiei berriro ere askatasunean hegan egiteko aukera emango diete.

Ondoren, 12:45ean Erronkako sari banaketa burutuko dute eta 13:00etan, azkenik, Emarriren erakustaldia.

Meategiak eta Aiako Harria natura parkeko ingurune hau ezagutzera emateko herritarrei dei egiten diete antolatzaileek igandean bertara azaltzeko. Ea eguraldia lagun duten eta goiz pasa ederra izaten den.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos