Yurritako errotan ate irekiak izango dira larunbatean

Yurritako errota gaur egun herrian gelditzen den bakarrenetakoa da./
Yurritako errota gaur egun herrian gelditzen den bakarrenetakoa da.

San Migel egunean talo festa antolatu dute errota zale denak gonbidatuz bertako errota ezagutzera

GARAÑO OIARTZUN.

Ugaldetxoko jaien harira Yurritako errotak ateak irekiko ditu auzotarrentzat eta errota zale denak gonbidatuta daude bertako errota ezagutzera. Yurrita etxeko nagusiek azaldu dutenez, 80. hamarkadaren hasieran Antxon Aguirre Sorondo Donostiar etnografoak Oarsoaldean 33 erroten aztarnak identifikatu zituen. Baina 2001. urtean Koldo Lizarralde etnografo Elgoibartarrak Oiartzun ibaiaren arroan Arrasku eta Yurrita besterik ez zituen aipatzen martxan zeuden erroten artean. Gaur egun, oraindik ere, bi errota hauek dira funtzionamenduan irauten duten bakarrak.

Yurrita errota

Yurrita Errota, Kanala eta Presa Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2015 urtean.

XV. mendearen hondarretik aurrera eta XVI. eta XIX. mendeen artean dokumentatua dago Yurrita errota. Oiartzungo alde horretako historiaren azken testigantza materiala da errota. Izan ere, delako aldea erabat aldatu baita, transformazio urbanistikoaren eta industria-poligonoak sortzearen ondorioz. Mende hasieran, Oiartzunen mar-txan ziren 20 errota inguru, eta aipagai duguna da egun geratzen diren bakanetarikoa. Eta aldi bateko aprobetxamenduko eraikin zaharra iragan mendean desagertu bazen ere, eraikin berriak, batetik, integratu egin zituen errota zaharraren parteak, eta, bestetik, errespetatu egin zituen jarduerarekin aurrera egitea posible egiten duten instalazioak eta parteak; betiere, jardueraren alderdi materialei (makinaria, lanabesak, ekoizpen-teknika, indar eragilea ekoiztea) eta immaterialei lotutako balio etnografikoa zainduaz.

Azpiegitura hidraulikoa ere nabarmentzen da, batez ere presa. Elementu hori ondo eraikia da eta EAEn oso bakan gordetzen den tipologiakoa da. Oiartzun ibaiaren paisaia propioaren parte da, zeinetan gorde egiten baitira paisaia-balio naturalak. Baina, alde hori hurbil dago ingurumenaren aldetik hondaturik dauden beste batzuetatik. Presa balio naturaletan integratzen da eta ibaiko balio ikusizko eta estetikoen parte da; eta nahiz mendeetan zehar seguruenik sarritan berregin den, iraun egin du, bai historiaren testigantza gisa, bai bere xede ziren instalazioen testigantza gisa.

Ondasuna kudeatzeko Elkarte bat osatu da: Yurrita Errota Martxan Helburua: errota, kanala eta presa babestu eta sustatzea. Horregatik antolatu dute larunbatean, hilak 29, San Migel egunean talo festa laboren.

Talo festa denontzat

Ibilbide zirkular bat antolatu dute Yurritako etxekoek, Laborerekin eta Ugaldetxoko kultur taldearekin elkarlanean. Goizeko 11:00etan Ugaldetxoko plazan jarri dute zita eta bertara astoak artoa ekarriko du. Trikitilarien laguntzaz astoak eta baserritarrak artoa eramango dute Yurritako errotara bidegorrian barrena. Goizeko 11:30ean Yurritako errotara iritsiko dira eta errotaren bisita egingo dute animatzen direnek. Baserritarrak etxeko nagusiei artoa entregatuko die eta irina jasoko du ondoren. Eguerdiko 12:00etan bidea jarraituko dute eta Laboreko parkinera joango dira Yurritako errotan egindako arto irinarekin. Bertan irina eskainiko die Laborekoei sagardo pixka baten truke eta talo festa egingo dute Laboreko produktuekin. Bukatzeko, bideari berriz ekin eta futbol kanpoaz barrena haserako puntura iritsiko dira.

Ekimen honek, jai giroan, herritarrak dastatuko duen bertako produktua nola lantzen den azalduko du, hasieratik bukaerara prozesua bertakoa izango delarik: bertako baserritarrak artoa astoan garraiatuko du, Yurrita errotan irina egingo dute eta ondoren hori astoan garraiatuko dute Laborera bertan talo jana egiteko. Ekimen osoa beraz, bertan garatuko da eta horrela auzoko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Errotako bizilagunek adierazi dutenez, arto ekologiko tostatua bakarrik erabiliko da San Miguel egunean, ekimen osoan zehar, prozesuaren hasieratik bukaerara. Gainera, gogoratu dute askok errota geldirik egon dela uste duten arren, ez dela horrela. Modu batera edo bestera errota beti martxan izan dute. Bai publikoari irina salduz edo baita etxekoentzat talo irina eginez.

Yurrita herritarrentzat zabalik egongo da 11:00etatik 14:00ak arte, errotaren inguruko azalpenak emango direlarik bertan. Animatzeko deia egin dute, herriko altxor hau ezagutu behar dela uste baitute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos