Xanisteban festa ederrak Oiartzunen

Txikienek ere bere trebezia erakutsi zuten dantzan./
Txikienek ere bere trebezia erakutsi zuten dantzan.

Bazkariek, kirol ekitaldiek eta haurrentzako egitarauak izan dute erakarpen gehien, baita musika emanaldiek ere

GARAÑO OIARTZUN.

Parte hartze handia eta giro polita izan dute aurten ere Oiartzungo xanisteban festek. Urtero bezala, herritar ugari erakarri ditu Festa Batzordeak prestatutako egitarau oparoak.

Udalak adierazi du aurtengo Xanistebanetako nondik norakoak sakonki irailean aztertuko badirela ere Festa Batzordeko kideekin, dagoeneko gai dela balorazio azkar bat egiteko. Hala, festen balorazio positiboa egin du, eta herriko festetan eguneko giroa indartzen ari dela uste du. Horren adierazgarri dira, besteak beste, festetan egiten diren bazkariak: Gazte Egunekoa (580 lagun), arkume jatea (640 lagunetik gora), feministena (100 lagun inguru) eta erretiratuena.

Antolatu diren kirol ekitaldiak (pilota partidak, sokatira, krosa, idi-demak, herri kirolak...) ere oso arrakastatsuak izan dira, baita egunez antolatu diren beste ekitaldi batzuk ere: bertako produktuen azoka, pintxo lehiaketa, bertso musikatuak... Haurrentzako antolatutako egitaraua ere arrakasta hitzarekin definitu dute: danborrada, erraldoien kalejira, haur parkea, zirkoa... Haur eta guraso asko bildu dira horietan. Eguraldia lagun izan dute jai guztietan eta horrek asko lagundu du plazak eta kaleak betetzen.

Gauez ere giro bikaina egon da herrian. Egun batzuetan besteetan baina jende gutxiago egon da, baina, nolanahi ere, larunbat gaua jendetsua izan zen. Txosnagunea, tabernak, elizako gunea... guztiak jendez lepo zeuden eta goizalderarte luzatu zen parranda herrian. Eguzki izpiak ateratzen hastearekin batera, batzuk etxerako bidea hartu zuten, beste batzuk, ordea, gosaldu eta guzti egin zuten Girizian edo txokolategian.

Tabernariei eta txosnei galdetuta, berriz, horiek adierazi dute lan asko egin dutela festetan. Ogitarteko asko saldu dira aurten, eta oiar-tzuarrek egunero bete dituzte plaza inguruko terrazak.

Temas

Jaiak
 

Fotos

Vídeos