Urtea garaipen garrantzitsuarekin hasi du OKEko nesken taldeak

Oiartzungo neskak garaipen borobila lortu dute Karla Lekuona zelaian. /  GOIZARIN
Oiartzungo neskak garaipen borobila lortu dute Karla Lekuona zelaian. / GOIZARIN

5-1 nagusitu da Revellinen aurka, Karla Lekuona zelaian

GOIZARIN OIARTZUN.

Urte berria ezin hobeto hasi du OKEko nesken talde nagusiak, garaipen indartsuarekin, hain zuzen ere. Izan ere, 5-1 nagusitu zen aurkari zuzena zuen Revellin taldearen aurka, Karla Lekuona zelaian. Horrela, denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuen, lehendabizikoa etxeko zaleen aurrean.

Penalti baten bitartez aurkariak aurreratu ziren markagailuan, baina etxeko neskek atsedenaldia baino lehen berdintzea lortu zuten. Bigarren zatian, etxeko taldearen nagusitasuna aitzakiarik gabekoa izan zen eta gol askoz irabazi zuen. Goleatzaileak Begoña Garcia, Leire Manterola (2) eta Nerea Abancens (2) izan ziren. Jose Luis Oiartzabalek honako hamaikakoa zelairatu zuen Karla Lekuonan: Leire Rodriguez, Nagore Isasa (Udane Olaziregi, 85. m), Udane Etxebeste (Ane Etxebeste, 65. m.), Nerea Abancens, Enara Louvelli, Maria Granado (June Muxika, 67. m.), Leire Manterola, Maria Romeo, Begoña Garcia, Amaia Iribarren eta Malen Moran (Irene Martin, 78. m.).

Hiru puntuak eskuratuta, koska bat igo du Oiartzun taldeak eta hamahirugarren postuan dago orain, Revellin taldearen aurretik. Hurrengo astean, aurkari gogorra izango du, Athletic Club, hain zuzen ere.

Irunen porrota

Urtea ez du behar bezala hasi Ohorezko Erregional taldeak, 1-0 galdu baitu Real Unionen aurka. Irundarrek lan gehiegi egin gabe aurreratzea lortu zuten. Auzmendiren mutilek nahiko ongi jokatu zuten baina ez zuten asmatu atezainaren aurrean. Honako hamaikakoa zelairatu zuen Auzmendik: Igor Orokieta, Iker Sistiaga (Unai Sixto, 83. m.), Beñat Salazar (Ander Gonzalez, 86. m.), Dani Beamount (Ander Aranburu, 66. m.), Imanol Marin, Pablo del Pozo, Eñaut Fernandez, Mikel Manzisidor (Manex Apaolaza, 46. m.), Mikel de Alba, Josu Iribarren (Jon Mikel Mitxelena, 56. m.) eta Xabier Lapazaran.

Liderraren aurka hurrengoa

Datorren larunbatean, Oiartzun taldeak liderraren aurka jokatuko du Karla Lekuonan, arratsaldeko 15:30ean. 41 puntu batuta, Eibar taldeak lanak emango dizkie Auzmendiren mutilei. Nolanahi ere, eibartarrak ere ez dute oso ongi hasi urte berria, galdu egin baitzuen bigarrenaren aurka. Partida borrokatua espero da Ugaldetxon.

 

Fotos

Vídeos