UEMAko udalerriak bisitatzen dituzten turistei hiztegia banatuko zaie uda honetan

Sherpa lanetan aritu ziren Haurtzaroko ikasleak, Usurbil-Oiartzun zeharkaldian. / GOIZARIN
Sherpa lanetan aritu ziren Haurtzaroko ikasleak, Usurbil-Oiartzun zeharkaldian. / GOIZARIN

Uztailaren 1ean irekiko da Oiartzungo Turismo Bulegoa

GOIZARINOIARTZUN.

Herri euskaldunetan turismoak hizkuntza ohituretan eta paisaian duen inpaktua aztertu du UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Hori dela eta, uda honetan zazpi hizkuntzatan (Euskara-katalana-gaztelera-frantsesa-galegoa-ingelesa-alemana) hiztegia banatuko zaie UEMAko udalerrietako bisitariei. Oiartzunen 3.000 ale banatuko dira Turismo Bulegoan eta ostatuetan.

Hain zuzen ere, Oiartzungo Turismo Bulegoa datorren astelehenean irekiko da (uztailaren 1ean. Astelehenetik igandera, egunero irekiko da bulegoa ordutegi honetan: 09:00-14:00 eta 16:00-19:00. Abuztuaren 31n itxiko ditu zerbitzuak ateak.

UEMAren azterketak erakutsi duenez, udalerri euskaldunetan jasotzen ditugun turista gehienak euskal herritarrak, kataluniarrak eta madrildarrak dira. Europatik etortzen direnak, hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetakoak izan ohi dira.

Azterketa Euskara teknikari eta Turismo teknikarien artean baloratu dute, inpaktu turistikoak herri euskaldunetako hizkuntza ohituretan eta paisaian ahalik eta eragin txikiena izan dezan neurriak hartzeko. Oiartzunek lantaldean parte hartu du eta Oarsoaldeko Turismo Bulegoko teknikariek ere bat egin dute.

Salto! udaleku ibiltaria

Bestalde, UEMAren Salto! udalekuetan parte hartzen ari diren 15 eta 18 urte arteko 56 gazteek Oiartzunen igaro berri dute gaua, Haurtzaro Ikastolan. Usurbildik abiatu eta Oiartzunera heldu ziren arratsalde partean, bero gaitza pasa ondoren.

Oiartzunen, Haurtzaro Ikastolako, Oiartzo Batxilergo Ikastolako eta Elizalde Institutuko euskara taldeetako ikasleak ere batu ziren Saltora: euren ardura izan zen harrera egitea, sherpa lanetan aritzea. Gero, denek elkarrekin afaldu zuten Kontzejupean eta kantu-afaria burutu zuten, Ekain eta Malen Elizasuren eskutik. Biharamunean, gazteak Arritxulo aterpetxetik abiatu ziren Bera aldera.

Udalerri euskaldunetako gazteen arteko harremanak sortzeko antolatutako Salto! udalekua ibiltaria da aurtengoan: Usurbildik hasi eta Arantzara joango dira oinez. 56 gaztek eta sei begiralek osatu dute espedizioa, tartean, hiru gazte oiartzuar.