Udazkenean, Arditurrira trenean gerturatzeko aukera paregabea

Trenean Arditurrira gerturatzeko aukera izango da datozen asteetan. / GOIZARIN
Trenean Arditurrira gerturatzeko aukera izango da datozen asteetan. / GOIZARIN

Hiru data finkatu dira, hilaren 12an, azaroaren 1ean eta abenduaren 6ean

GOIZARINOIARTZUN.

Euskal Herrian zoko ezezagun ugari ditugu eta horien artean dago Arditurriko meategia. Herritar asko noizbait kobazulo batean sartu da, baina ez meategian, are eta gutxiago etxetik hain gertu dagoen honetan.

Horrexegatik, udazkenean ere aukera bikaina dago Arditurriko meategi honek duen xarma ezagutzeko. Bertako ondarea hurbiletik ezagutu nahi duena oinez, bizikletaz, kotxez ala Oiartzungo plazatik irteten den tren berdean etor daiteke (aurre-erreserba bidez).

Hona hemen parketxearen ordutegia datozen hilabete hauetarako: urrian, asteazkenetik igande eta jai egunetara 10:00-14:00; azaroa eta abenduan, ostegunetik igande eta jai egunetara 10:00-14:00.

Tren eskaintza

Arditurrira trenez hurbildu nahi dutenek badute aukera udazken honetan ere. Izan ere hiru data finkatu dira, lehendabizikoa urriaren 12a, larunbatez, izanik. Azaroaren 1ean eta abenduaren 6ean ere eskaintza berbera egongo da.

Trena Pagoaldea Poligonotik, Oiartzundik, abiatuko da Arditurriraino, bidean Aiako harriko Natura Parkean murgilduz. Hautatzen den bisitaren arabera tren ordutegi bat egokitu dute. Pagoaldetik trenak 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan izango dira. Meategietako bisitak bi motatakoak izango dira: oinarrizkoak edo sakonekoak. Oinarrizko bisitak 10:45, 11:45 eta 12:45ean izango dira. Trena eta oinarrizko bisitaz gozatu nahi dutenek 5 euro ordaindu beharko dituzte, 13 urtetik beherako haurrek 3 euro. Sakoneko bisitaz gozatu nahi dutenek 10:30, 11:30 eta 12:30ean izango dute aukera, trena eta bisita 7 euroren truke.

Plaza mugatuak

Azkenik, bueltatzeko trena; hau da, Arditurritik Pagoaldera 11:30ean, 12:30ean eta 13:30ean izango da. Trenaren joaneko zein bueltako ibilbidea 20 minutukoa izango da.

Hiru egun horietan parte hartu nahi duenak nahitaez erreserba egin beharko du, plaza mugatuak baitira. Horretarako, edo informazio gehiago eskuratzeko, 943 49 50 69 / 688 89 50 68 telefono zenbakietan, arditurri@gipuzkoamendizmendi.net helbide elektronikoan edo www.parketxesarea.org webgunean izango du aukera.