Udan ere Artikutza eremu natural babestuaz gozatzen

Artikutzan dauden bi hagin multzo aipagarrienetako batera hurbiltzeko aukera izango da igande honetan

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Udan ere Artikutzaz gozatzeko aukera eskaintzen du «Natura Artikutza» programak. Horrela, igande honetan, uztailaren 1ean, Mindegixar ingurutik barrena ibiliko dira animatzen diren lagunak. «Eguraldiak laguntzen badigu, bi hagin multzo aipagarriez gozatzeko aukera izango dugu», adierazi du Eva Aiestaranek, programaren gidariak.

Ibilbideak

«Eskaseko atezaindegitik irtengo gara errepidean behera jarraituz. Ehun bat metro geroago, eskuinaldean dagoen pagadian murgiltzen den bidea hartuko dugu, hain zuzen ere, Mintegixarrera doana. Artikutzan dauden bi hagin multzo aipagarrienetako batera hurbiltzeko aukera izango dugu. Aurrerago, sigi-saga batetik gora, errepidera irtetzen den pistara iritsiko gara. Errepidetik Eskasera itzuliko gara», gaineratu du. Guztira 6km inguru egingo dituzte, 150m-ko desnibelarekin. Igande honetan egingo den bisita gidatua euskaraz izango da.

Bigarren ibilbidean, Eskasetik abiatu eta Artikutzako auzora bitarteko ibilbidea egingo dute. «Eskaseko atezaindegitik abiatu eta berehala ezkerraldeko pagaditik doan bidetik desbideratuko gara. Maldan behera egingo dugu pagoen artean eta garai bateko giza jardueraren elementu ezberdinak ikusteko aukera izango dugu: mairubaratza, antzinako txondor plaza, pago mugarratuak, hildako pagoak... Aurrerago, Erroiarrikour jauzia topatuko dugu. Apurtxo bat gora egin ondoren, pagadiko hezetasuna atzean utzi eta Elizmendiko bideko argitasuna nabarituko dugu, baita zuhaitz espezie aldaketa ere. Hemendik behera jarraituz, Enobieta urtegia inguratzen duen bideraino jaitsiko gara, hortik berehala Artikutzara heltzeko», zehaztu du antolatzaileak.

Mendi buelta honetan, mendizaleek 6km inguru egingo dituzte, 350 m-ko desnibelarekin. Bisita gidatua euskaraz izango da. Gaztelaniaz, berriz, uztailaren 29an izango da.

Izen ematea

Interesaturik bazaude, hona hemen jakin beharrekoa, tarifak: 6 urtetik beherakoak, dohainik; 6-16 adinekoentzat, 2,09 euro eta 16 urtetik gora, 3,14 euro. Bisitak: 09:15etik 13:30era izango dira. Exkaxeko guarda etxeko aparkalekuan jarri dute hitzordua. Izena emateko azken eguna ibilbidea egingo den asteko ostirala izango da eta egun horretan bertan telefonoz konfirmatuko dira izen emateak. 620 337 875 telefonora deitu behar da, 08:00etatik 16:30era. Helbide elektronikoa: artikutzanatura@donostia.eus.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos