Udaleku irekiak martxan 458 haurrekin

Udalekuetako aurtengo hezitzaile taldea. /  GARAÑO
Udalekuetako aurtengo hezitzaile taldea. / GARAÑO

GARAÑO OIARTZUN.

Astelehenean, urtero antolatzen diren udaleku irekiak hasi ziren Oiartzunen. Aurten ere, Abaraxka ludotekak kudeatuko ditu eta uztailaren 2tik 30era iraungo dute. Azken urteetan bezala, bi hamabostalditan banatu dute hilabetea. Lehena, uztailak 2tik 13ra izango da eta, bigarrena, berriz, 16tik 30era.

Aurten ere haur sahararren taldea Oiartzungo udaleku irekietan izango da, hain zuzen ere, 7 dira etorritako haurrak. Oiartzungo umeak astelehenean goizeko 9:30etan bildu ziren Haurtzaro Ikastolan. 3 eta 5 urte bitarteko haurrak frontoian eta, lehen hezkuntzakoak, atzeko futbol zelaian.

Egitarau zabala osatu dute aurten ere eta, horrela, egun bakoitzean haurrek ekintza desberdinak egingo dituzte. Hilabeteko plangintza osatzeko haurren eskariak ere kontutan hartu dituzte; izan ere, maiatzaren amaieran zenbait haur eta hezitzaile elkartu ziren eta hainbat ekintza proposatu zituzten gaztetxoek. Hilabete osoan zehar, besteak beste, tailerrak eta eskulanak egingo dituzte. Jolasa ere ez da faltako. Eguraldi ona egiten duenean, ginkanak egiteko aukera izango dute: ur ginkana, kirol ginkana, itxuraldaketa ginkana...

Bestalde, igerilekura ere joango dira eta Oiartzungo parke, zelai, frontoi eta auzoetara bisitak egingo dituzte. Aurten ere ez dira falta izango altxorraren bila, herri kirolak, zirkua eta makina bat sorpresa! Eta Udaleku irekiak ondo amaitzeko, azken urtekoei agurra prestatuko diete hezitzaileek mozorro eta musikaz lagunduta.

Helburuak

Antolatuko dituzten ekintza guztiak, aisialdi hezitzailea sustatzeko helburuarekin bideratuko dituzte. Oiartzungo udaleku irekiak Abaraxka ludotekaren filosofiaren ildotik antolatzen dira. Hau da, Oiartzungo Haurrentzako Balio Anitzeko Zerbitzua (OHBAZ) eskaintzea da asmoa eta, beraz, honakoak dira lantzen dituzten baloreak edota gaiak: hezkidetza, euskara, parte hartzea, herrigintza, kontsumo arduratsua, berrerabilpena, elikadura osasuntsua, lehiakortasunik ez. Hau da, jarrera egokiak.

Ea aurtengoan eguraldia lagun duten eta guztia primeran ateratzen zaien!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos