Udaleku euskaldunei buruzko informazioa jaso dute Oiartzungo DBHko ikasleek

Herriko gaztetxoak aurkezpen saioan, udal areto nagusian. / BASTEROBERRI
Herriko gaztetxoak aurkezpen saioan, udal areto nagusian. / BASTEROBERRI

Udalak eta UEMAk 'Salto' eta 'Mingaina dantzan' egitasmoak aurkeztu dituzte

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Pasa den ostiralean, Oiartzungo Udalak eta UEMAk udaleku euskaldunen berri eman zieten Haurtzaro Ikastolako Eskuttun elkarteko eta Elizaldeko Institutuko Ttirikittauki euskara batzordeko ikasleei, udal areto nagusian. «UEMAk zein Eusko Jaurlaritzak antolatutakoak dira», argitu zuen Aitziber Arnaiz Oiartzungo Euskara teknikariak.

UEMAk 'Salto' udalekuak antolatu ditu udalerri euskaldunetako 15-18 urte arteko gaztetxoentzat (2000 eta 2003 artean jaiotakoak): uztailaren 10etik 17ra izango dira, Zestoan. Helburua herri euskaldunetako gaztetxoak ahalduntzea izango da.

Izen-ematea maiatzaren 9a arte dago irekita hezkuntza@uema.eus helbidera idatzita edo 943 81 66 99 telefonora deituta (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara).

50 lagunentzako tokia egongo da 'Salto' udalekuetan. Zozketa bidez esleituko dira lekuak.

'Mingaina dantzan'

Bestetik, aurten ere Eusko Jaurlaritzak 'Mingaina dantzan' programa martxan jarriko du, UEMA ere sustatzaile dela. DBH 1. eta 2. mailako ikasleei bideratua dago eta helburua, herri euskaldun eta erdaldunetako gaztetxoak elkartzea da, orekan, herri erdaldunetakoek euskaldunengan erreferentziak hartu ditzaten.

Berrizen (Bizkaia) izango dira udalekuak, hamar eguneko bi txandatan (lehena uztailaren 4an hasita; bigarrena, uztailaren 16tik aurrera). Txanda bakoitzean 30 lagunentzako tokia izango da eta izen-ematea mingainadantzan.eus webgunetik egin behar da.

 

Fotos

Vídeos