Udalak martxan jarri du diru-laguntzen ordenantza

Udalak 72 toki prestatu ditu hilerrian errautsak gordetzeko. /  GOIZARIN
Udalak 72 toki prestatu ditu hilerrian errautsak gordetzeko. / GOIZARIN

Kultura arloko eskaerak urtarrilean egin beharko dira

GOIZARIN OIARTZUN.

Gizarte-Ongizate, Kultura, Kirola, Euskara, Feminismo eta Berdintasun arloetan ekintzak antolatzeko diru-laguntza eskatu nahi duten eragile, elkarte eta norbanakoek laguntza horiek eskatzeko eta justifikatzeko modua aldatuko da 2019an. Diru-laguntzen Ordenantza onartu du Udalak eta horren ondorio izango da funtzionamendu aldaketa. Diru-laguntzen Ordenantzak Oiartzungo Udalak ematen dituen diru-laguntzei irizpide orokorrak ezarri dizkie. Honela, arlo guztietan kontuan hartu beharko dira euskara, berdintasun eta ingurumen irizpideak. Udal ordezkariek adierazi dute ordenantza orokorraz gain, sail bakoitzak diru-laguntzak banatzeko irizpideen araudi propioa izango duela, arlo bakoitzaren ezaugarri eta berezitasunak kontuan hartuz. Ordenantza eta araudien berri emateko, Udalak arlokako bilerak egin ditu, eta «egiten jarraituko dugu», elkarte eta eragileetako ordezkariekin.

Eskatzeko epea irekita

Kultura arloko ekintzak antolatzen dituzten eragile eta elkarteek urtarrilean egin beharko dituzte 2019an antolatuko dituzten ekintzen diru-laguntza eskaerak. Udaletxeko sarreran aurkeztu beharko dute dokumentazioa, www.oiartzun.eus webguneko iragarki taulan argitaratu diren argibideak jarraituz.

«Gizarte-Ongizate arloan norbanakoei ematen zaizkien diru-laguntzen kasuan, urte guztian zehar egin ahal izango dira eskaerak», gaineratu dute. Beste arloetako eskaeren epeak, garaia heltzean jakinaraziko ditu Udalak. «Diru-laguntzen eta eskaeren inguruan zalantzarik izanez gero, elkarte bakoitzak dagokion arloko teknikariarekin argitu ditzake», zehaztu dute.

Errautsak gordetzeko 72 toki

Urtarrilaren 1az geroztik, Oiartzungo hilerrian errautsak gordetzeko aukera eskaintzen du Udalak. Kolunbarioetako bat erabili nahi dutenek udaletxeko harreran egin behar dute eskaera, hilerriko nitxo horizontalekin egiten den modu berean.

Udalak hileta errituak eta ohiturak garai berrietara egokitzeko eman duen pausoa da kolunbarioak prestatzea hilerrian. Izan ere, «geroz eta gehiago dira hil ondoren erraustearen hautua egiten duten herritarrak eta horientzako toki aproposa eskaintzea ezinbestekoa da»·, adierazi dute udal ordezkariek.

Momentuz, 72 kolunbario prestatu ditu Udalak.

 

Fotos

Vídeos