Borrar
Tamara Muruetagoiena udal ordezkariekin: Jexux Leonet alkatea eta Janire Mitxelena zinegotzia.
Oiartzun

Udalak Esteban Muruetagoiena giza eskubideen biktima gisa aitortu du

Tamara Muruetagoiena Hormazak, Esteban zenaren alabak hartu du parte, hamarnaka herritarren babesarekin

GOIZARIN

Igandea, 27 martxoa 2022, 00:15

Comenta

Esteban Muruetagoiena Scola, Oiartzungo medikua zena, giza eskubideen urraketen biktima izan zen eta 40 urtean ez du halako aitortzarik jaso. Hori dela eta, Oiartzungo Udalak, bertan ordezkaritza duten bi alderdi politikoen elkarlanean eta kontsentsuz (EH Bildu eta EAJ) haren heriotzaren urtemuga (1982ko martxoaren 29a) baliatu izan du Muruetagoiena giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortzeko. «Gaurkoa ez da Estebanen memoria oroitzeko egiten den lehen ekitaldia, baina bai Udaleko alderdi guztien kontsentsuari esker egiten den lehenengoa. Honek bizikidetzaren aldeko urrats bat izan nahi du», adierazi zuen atzo Jexux Leonet alkateak.

Muruetagoiena jatorriz ondarrutarra zen, baina Oiartzungo medikua izan zen eta herrian bizi zelarik jasan zituen heriotza eragin zioten urraketa larriak. 1982ko martxoan atxilotu eta hamar egunez tortura larriak pairatu zituen. Kargurik gabe aske utzi eta hiru egunetara hil zen.

Ekitaldi hunkigarria izan zen. Tamara Muruetagoiena Hormazak, Esteban zenaren alabak, hartu zuen parte hamarnaka herritarren babesarekin. Esker oneko hitzak izan zituen: «Pozik eta harro nago Udaleko alderdi guztiak ados jarri direlako nire aitari aitortza egiteko, askotan ados jartzea ez delako erraza izaten politikan». Bertaratu ziren etxekoei eta herritarrei ere zuzendu zitzaien: «maite zaituztet denei, eta nabaritzen dut zuek ere nire aita maite duzuela». Bere aitari gertatutakoa beste inori ez gertatzeko bermeak aldarrikatu zituen atzoko ekitaldian.

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak ere hartu zuen hitza. Lehenik eta behin, Tamara Muruetagoienari «eskerrak» eman zizkion, «elkarlanean gaurko ekitaldia posible egiteagatik. Zure aitaren heriotzaren egia ezagutzeko bidean eta errekonozimenduan egiten ari zaren lanean babes osoa» adierazi zion Leonetek. Oiartzungo Udalak egia ezagutzeko abiatua duen bidean kokatu zuen atzoko ekitaldia.

«Senideen edo biktimen testigantzak entzuteak hausnarketako aukera ematen du, egiaren konplexutasuna nabarmen geratuz. Isilarazi eta ezkutatutako sufrimendu horiek ezagutzea ezinbestekoa» dela aldarrikatu zuen alkateak. «Aitortu gabeko biktimen artean daude tortura jasan dutenak. Oiartzunen jasoa dago gutxienez 129 pertsonek jasan dituztela», tartean, Esteban Muruetagoienak.

«Oso garrantzitsua da ez ahaztea Estebanek eta bere familiak bizitutakoa, gure herriaren historia ere badelako», gaineratu zuen Leonetek. «Giza eskubideen urraketen biktima guztiei dagokie egia, justizia eta erreparazioa. Oraindik ikus dezakegu biktima guztiek ez dutela trataera berdina jaso. Beraz, biktimen artean dagoen diskriminazioarekin bukatu behar dugu».

Oroigarria opari

Leonet alkateak (EH Bildu) eta Janire Mitxelena zinegotziak (EAJ) Tamara Muruetagoienari oroigarria oparitu zioten Oiartzungo Udalaren izenean. Karrikako Iragorriko kanposantuan dagoen Anton Mendizabalen eskulturaren erreplika txikiak «alde batean iragana eta bestean etorkizuna» irudikatzen ditu. Maiana Belaunzaran biolinistak, Mirari Martiarena aurkezleak, Lartaungo txistulariek eta Olarri dantza taldeak ere parte hartu zuten ekitaldian.

Atzoko aitortza instituzionalak aste honetan egin den 'Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea' zikloari bukaera eman dio. Zikloko ekitaldietara jende asko hurbildu da. Seinale, bizikidetzaren bidean ematen diren urratsak beharrezkoak direla.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Udalak Esteban Muruetagoiena giza eskubideen biktima gisa aitortu du

Udalak Esteban Muruetagoiena giza eskubideen biktima gisa aitortu du