Udalak Esteban Muruetagoiena medikuari aitortza eta errekonozimendua egingo dio
1936tik izan diren giza eskubideen urraketen inguruko egia ezagutu eta erreparaziorako elkarlanaren baitan ekitaldiak antolatu dira hilaren 24tik 26ra
GOIZARIN
Oiartzun.
Igandea, 13 martxoa 2022, 00:31
Oiartzungo Udalean ordezkaritza politikoa duten bi alderdien elkarlanetik eta kontsentsutik bultzatzen ari den gertatutakoaren egia zabala berreskuratzeko bidean urrats berri baten berri eman du. «Oiartzungo Udalak 2020ko azaroan Aranzadi Zientzia Elkartearekin hitzarmena sinatu zuen. Horren baitan Oiartzunen izandako edo Oiartzungo herritarrek pairatutako Giza Eskubideen Urraketa guztiak jasotzeko lana eta ahalegina hasi da», jakinarazi du Jexux Leonet alkateak.
«Gertatutakoaren egia zabala berreskuratzeko abian jarritako bide honek memoria partekatu bat eraiki nahi du. Gaur egun arte izandako Giza Eskubideen urraketa guztiak begiratuz bizikidetzaren oinarri sendoak jarriz, gertatutakoa ez dadin berriz errepikatu. Bestetik, eragindako biktimen sufrimenduaren eta minen aitortza eta erreparazioan lagungarria izan nahi du», argitu du.
Testuinguru horretan Tamara Muruetagoiena, Esteban Muruetagoienaren alaba, Oiartzungo Udalarekin harremanetan jarri zen bere aitaren heriotzaren 40. urteurrena zela eta. Oroimena eta egia berreskuratzeko bide horretan Udalak Esteban Muruetagoienari gertatutakoa ikertzearen, ezagutzearen eta aitortzearen beharrekin bat egin du. «Eta aukera hau baliatu nahi izan dugu Esteban Muruetagoienari dagokion aitortza instituzionala egiteaz gain, Oiartzungo herriari zuzenduriko ekitaldi zikloa antolatzeko», osatu du.
Ekitaldi zikloa
Ekitaldi zikloa antolatzerakoan, eta Muruetagoienaren alabarekin sorturiko elkarlana baliatuz, Udalak honako helburuak garatzeko aukera ikusi du: «biktima guztiei trataera berdina zor diegun neurrian, oraindik aitortu gabeko biktimak ikusaraztea; Esteban Muruetagoienaren heriotzaren inguruko gertakariak kontutan harturik torturaren errealitateari ahotsa eman nahi diogu; Aranzadik testigantzak jasotzeko abiatutako lanari bultzada ere emango diogu, egia zabala ezagutzeko testigantzek duten garrantzia adieraziz; eta herriko biktimak aitortzeko jada irekitako bideari jarraipena ematea», zehaztu du alkateak.
Helburu horiek zehaztuta, «honako egitaraua prestatu dugu. Egitaraua bere osotasunean ulertzen dugu, giza eskubideen urraketen begirada zabaletik abiatuz, Esteban Muruetagoienaren kasuari bere tokia eman, hortik torturaren errealitatea sakonki begiratu eta Esteban Muruetagoienaren aitortza ekitaldiarekin bukatuz».
'Urraketen testigantzak'
Martxoaren 24an, osteguna, 19:00etan 'Giza eskubideen urraketen testigantzak' izeneko saioan Javi Bucesek, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak parte hartuko du. Tamara Muruetagoienaren testigantza ere ez da faltako. Jonathan Martinez kazetariak gidatuko du saio, udaletxeko pleno aretoan.
Martxoaren 25ean, ostirala, berriz, 18:00etan 'Aitortu gabeko biktimak. Torturaren errealitatea' saioan hauexek izango dira hizlariak: Olatz Barrenetxea, psikologo klinikoa; Paco Etxeberria, mediku forentsea, eta Laura Pego, Zuzenbidean doktorea eta IVAC/EKI-ko ikerlaria. Saioa udaletxeko aretoan izango da eta moderatzailea Olatz Retegi, antropologoa eta ikerlaria, izango da.
Aitortza ekitaldi instituzionala
Azkenik, martxoaren 26an, larunbata, Esteban Muruetagoiena giza eskubideen urraketen biktimari aitortza ekitaldi instituzionala izango da udaletxeko pleno aretoan edo Arizmendieneako lorategian (eguraldiaren baitan), 13:00etan hasita.
«Egitarau honekin aipatutako helburuak lortzen saiatu nahi dugu Udalean ordezkaritza dugun bi alderdi politikook eta horretarako herritarrengana iritsi nahi dugu. Beraz, herritar guztiak hitzaldi eta aitortza ekitaldira gonbidatuta daude», azpimarratu du alkateak.