Udala gaztetxoek teknologia digitalak nola erabiltzen dituzten aztertzen ari da

Helburua, egiten diren prebentzio eta formakuntza ekintzak beharretara egokitzea izango da

GOIZARIN

Oiartzungo Udalak herriko gaztetxoek teknologia digitalen inguruan dituzten ohiturak eta erabilerak ezagutzeko inkesta egiten ari da Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako LH 5. eta DBH 4. mailetako ikasle eta gurasoen artean.

«Galdetegiak ikastetxeetan banatu ditugu eta erabat anonimoak dira», adierazi dute Oiartzungo udaleko Adin Txikiko Mahaiko ordezkariek. «Helburua, egoera erreala ezagutu eta egiten diren prebentzio eta formakuntza ekintzak beharretara egokitzea izango da», azaldu dute

Hirugarren ikerketa

Azterketa udaleko Adin Txikiko Mahaiak sustatu du. Taldea Gizarte-Ongizate zinegotzia, udaleko gizarte-ongizate, feminismo eta gazteria teknikariak; Agintzari; AGIPAD; Elizalde Herri Eskola; Elizalde Institutua; Haurtzaro Ikastola eta Ttak-ek osatzen dute eta EHUko ikerlariekin elkarlanean arituko dira.

Gogoratu behar da Gizarte-Ongizate saileko Adin Txikiko Mahaiak 2015ean eta 2017an ere egin zituela bestelako ikerketak, eta horietatik abiatuta, ikasleentzako formakuntza saioak eta gurasoentzako hitzaldiak antolatu izan direla, besteak beste azken hilabeteetan.