Udal tasak eta zergak KPIaren arabera igoko dira 2020an

San Markosek ez du onartu auditoria egiteko Oiartzunek egindako eskaera

GOIZARINOIARTZN.

Iraileko ohiko udalbatzarrean, besteak beste, 2020ko tasa eta zergen irizpide orokorra onartu zen, aho batez. Kasu gehienetan KPIaren arabera igoko dira udal zergak (%0,80). Hala ere, tasa batzuk mantendu egingo dira, beste batzuk jaitsi (etxez etxeko zerbitzua) edo gehiago igoko dira (kiroldegiaren erabilera %2).

EAJk bat egin zuen EH Bilduko Gobernu Taldearen proposamenarekin. Rafael Bergaretxe bozeramaileak «oro har, planteamendu egokia» iruditzen zaiela esan zuen. Hala ere, esan zuen «hondakinen tasan sarrera-irteera artean alde handiago dago eta aukera bat da, beste herri askok egiten duten bezala, Udalak bere gain hartzea falta dena. Honek kezka pixka bat sortzen digu».

Jexux Leonet alkateak ekarpena jasota geratzen zela esan zion. «Hondakinen, uraren eta kirol instalazioen zerbitzuak defizitarioak dira, adibidez. Gipuzkoan sortu diren azpiegiturek udalerrietan ze inpaktu ekonomiko izango duten aztertu beharko da».

San Markos Mankomunitateari lotuta, auzitegietako jakinarazpenaren berri eman zen udalbatzarrean: 2017ko aurrekontuak baliogabetu zituen Euskadiko Auzitegi Nagusiak, garbigunea duten herriek zerbitzu horren gastu osoa beren gain hartzea ez delako legezkoa, Oiartzungo Udalari arrazoia emanez. Mankomunitateak kasazio helegitea jarri zion sententziari, baina auzitegiak ez du onartu. Beraz, erabaki sendoa da San Markoseko 2017ko aurrekontua baliogabetua dagoela. «Kalkuluak egin eta gehiegi jarritako dirua jaso beharko dugu Hernanik, Usurbilek, Donostiak eta Oiartzunek», azaldu zuen Eneritz Arbelaitz San Markoseko Oiartzungo ordezkariak.

San Markos Mankomunitatearekin lotuta, Oiartzungo Udalak joan den maiatzean auditoria egiteko (10 urte baino gehiago dira egin ez dela eta tartean, epaitegiek bertan behera utzitako aurrekontuak daude) eskaera egin zuen. Horrez gain, eskatu zen udal bakoitzaren ekarpena gastuak eta kitapenak jakinda kalkulatzeko. San Markosek bi eskaerei ezezkoa erantzun die. «Eskatzen duguna Europako Zuzentarauak betetzeko neurriak hartzea da; oiartzuarren interesak defendatzen jarraituko dugu», gehitu zuen Arbelaitzek.

Agintzarirekin hitzarmena

Gai zerrendaz kanpo, Udala eta Agintzari elkartearen arteko hitzarmena onartu zen, aho batez. Urtean 37.000 euroko diru-laguntza eta udaletxeko ganbaran lanerako toki fisiko bat jasoko du Agin-tzarik, ikastetxeetan eta herri mailan adin txikikoekin programak lantzen jarraitzeko.

Eskari-galderen atalean, EAJk «herritar batzuk Elorsoro kiroldegiari buruz kezka» helarazi diotela adierazi zuen. Leonet alkateak kiroldegia «azpiegitura garrantzitsua» dela eta «beti beharko ditu ekarpenak» azaldu zuen. «Saiatzen gara gertutik jarraitzen egoera2 baina, hala ere, jarraipen batzordea osatzea komeni litzatekeela adierazi zuen.