Udaberriarekin batera dator Hikalaguna egitasmoa, herritarren mingainak hika dantzan jartzeko
Ikastaroa martxoaren 21ean hasi eta ekainaren 21era bitarte luzatuko da
GOIZARIN
OIARTZUN.
Igandea, 6 martxoa 2022, 00:16
Oiartzungo Udalak eta Ttur-ttur Euskaltzaleen Bilguneak hitanoa lantzeko egitasmo berria antolatu dute Oiartzunen, Hikalaguna egitasmoa hain zuzen ere. Bailaran hain errotuta zegoen hitanoa berreskuratzea izango du helburu. Ez da lehendabiziko saiakera izango; izan ere, orain arte Hika ikastaroak, Hikaldia (Euskaraldia hikaz) antolatu izan dira.
Norbaitek agian oraindik ez daki zer den hika. Egitasmoko antolatzaileek argi eta garbi adierazi dute: «Hika solaskideari 'zu' beharrean, 'hi' deitzean datza. Komunikatzeko beste baliabide bat eskaintzen du, baliabide informal eta naturalago bat. Hikak konfiantza, konplizitatea eta gertutasuna sortzen du hizketa-lagunen artean; identitate marka bat da; nolabaiteko lotura bat eragiten dio gure sustraiekin eta hizkuntzarekin», adierazi dute Ttur-tturreko arduradunek. Hikaren ezaugarri bereziena aditzen genero-marka da. «Parean duguna gizon edo emakume izan (edo ez bitarra), aditzek forma ezberdina hartzen dute. Gizonezkoei egiteko hika (toka), egoera hobean dago gaur egun emakumeei egitekoa (noka) baino. Halere, ez da etxaferuk botatzeko modukoa eta denok dute zer ikasia, hizkera jator honi eusteko», aitortu dute.
Hikalaguna egitasmoa
Hikalaguna herritarren mingainak hika dantzan jartzeko egitasmoa da. Ohitura falta eta ezjakintasuna dira oztopo handienak; eta horiei aurre egitera heldu da Hikalaguna. «Hika praktikatzeko guneak sortzea da asmoa; hika hitz egiten dakienak ingurukoei eredua emango dio eta ez dakienak entzunez eta arituz ikasiko du. Ez ahaztu, akatsak egitea ari garen seinale izango da», argitu dute.
Izena emateko garaian, bi aukera eskainiko dira: Bakarka edo taldeka. «Izena bakarka ematen bada, guk osatuko dugu taldea. Taldeka ematen bada, ordea, taldekideen artean adostu beharko dute hika praktikatzeko eguna, ordua eta tokia. Kontuan izan, talde bakoitzean hika dakien norbait (hika laguntzailea) izatea komeni dela», zehaztu dute.
Bestalde, 'Oiartzungo hika patrikan' liburuxka argitaratu dute antolatzaileek. «Liburuxka honetan Oiartzungo ahozko hika jaso dugu. Bertan, aditz forma ezberdinak taulen bidez adierazi ditugu. Edonora eramateko modukoa da, txikia eta praktikoa. Beraz, Hikalagunean sortzen diren zalantzak argitzeko edota hika hitz egiten hasteko ezin hobea izango dela uste dugu».
Izen ematea martxan
Dagoeneko martxan dago izen ematea. «Eskura egin daiteke, esku orria bete eta Ttur-ttur-en (Aialde kalea 2, 2. soilarua) entregatu edo Hikalagun buzoietan utzi (Elorsoro Kiroldegian, Manuel Lekuona liburutegian, Haurtzaro Ikastolan) edota online».
Ikastaroa martxoaren 21etik ekainaren 21era luzatuko da.
Anima ñai/yai eta eman zan/zak izena Hikalagunean!