Txinpart aldizkariaren 69. alea plazaratu du Haurtzaro ikastolak

Haurtzaroko DBH 4. maila bukatu duten ikasle taldea. / BASTEROBERRI
Haurtzaroko DBH 4. maila bukatu duten ikasle taldea. / BASTEROBERRI

Ikastolaren eta Urmendiren eguneko irudirik esanguratsuenak bildu dituzte, bi festa horien lekuko diren 29 argazki ederrekin

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak Txinpart aldizkariaren ale berri bat plazaratu du ikasturte amaieran, bertako ikasle, irakasle eta gurasoek elkarlanean prestatzen duten bost hilabetekari mardula.

Oraingoak ere gai ezberdinak jorratu ditu, zein baino zein interesgarriagoak. «Haurtzaro Ikastolako Hezkuntza Proiektuaren osagarria dugu Elkarbizitza Proiektua; bertan, gure komunitatea osatzen dugun partaideon arteko bizikidetzaren inguruko oinarriak ezarrita ditugu. Elkarbizitza Proiektu honetatik sortu den Bizikidetza Behatokia eta, ale honetan, bertako partaideen hitzetatik jasoko dugu talde honen nondik norakoa zein den», adierazi du Aritz Gonzalez zuzendariak.

Era berean, Guraso Eskolen inguruko informazioa ere topatuko du irakurleak. «Izan ere, denok dugu zer ikasi, eta, gurean, ez dira ikasleak eta irakasleak klasera doazen bakarrak», gaineratu du.

Bestalde, aurreko udaran egindako azken obren artean laborategia eta teknologia gelak berritu ziren Haurtzaro Ikastolan. «Aldaketa horren bidez, bi eremuak egun ditugun beharretara (bai pedagogikoak, bai espazioarenak) egokitu ditugu eta gure barne antolamendurako ere lagungarria izan da», zehaztu du Gonzalezek. Azken ale horretan bi espazio horiei buruzko argibide interesgarriak daude.

DBH 4. Mailako ikasleak

Haurtzaro Ikastolako ikasleak hatzak bete lan aritzen dira ikasturtean zehar eta «egindako guztia jasotzea ezinezkoa denez, lagin bat besterik ez dugu ekarri aldizkarira», argitu du zuzendariak. Halaber, Ikastolaren eta Urmendiren eguneko irudirik esanguratsuenak ere bildu dituzte, bi festa horien lekuko diren 29 argazki eder.

Azkenik, ikastolako ama-semeen arteko elkarrizketa batzuk ere badaude literatura sari bana eskuratzearen harira. Eta bukatzeko, DBH 4. mailako ikasleen argazkia ere jarri dute azken orrian.

Ikastolari buruz norbaitek zerbait gehixeago jakin nahi badu, badaki nora jo eta zer irakurri udako goizeko ihintzetan, nahiz arratsaldeko hego haize epeletan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos