Txinalka antzerki taldean izen-emateko epea irekita dago

Ikasturtearen amaieran hainbat emanaldi egiten dituzte Txinalkakoek. /  GARAÑO
Ikasturtearen amaieran hainbat emanaldi egiten dituzte Txinalkakoek. / GARAÑO

Hilaren 30a bitarte, astelehena, egongo da aukera

GARAÑO OIARTZUN.

Helduen antzerki taldean izen-emateko epea ireki zen astelehenean eta azkeneko eguna hilaren 30a izango da. Hemezortzi urtetik gorakoek parte har dezakete taldean. Ikasturte berrian ere, Tessa Andonegi izango da taldearen zuzendaria eta astean behin bi orduko saioa egingo dute Karaez kaleko 4.lokalean. Asteazkenetan izango dira entseguak, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.

Prezioari dagokionez, oiartzuarrek 60 euro ordaindu beharko dute ikasturtea eta kanpokoek, aldiz, 80 euro. Ordainketa egiteko Euskadiko Kutxako kontu korronte hau erabili beharko da: 3035 0126 60 1260900006. Izena ematerako garaian, ordainagiria aurkeztu beharko da udaletxeko harreran edo Elosroro kiroldegiko sarreran. Izen-emateko orriak udaletxean, Manuel Lekuona bibliotekan, Elorsoro kiroldegian; Amazkarren, Kastron, Potten, Garmendi txokolategian eta anbulatorioan eskuratu daitezke.

Uztailan izen-ematerik ez duen jendeak irailean bigarren aukera bat edukiko du. Horretarako Txinalkak irailaren 1etik 14rako denbora utziko die izena eman nahi duten guztiei eta pausu berdinak jarraitu beharko dituzte.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Tessa Andonegiri idazteko aukera dago helbide honetan: tandonegi@gmail.com.

Arrakastatsua aurtengoa ere

Gogoratu aurten ere bi saio zeuden iragarrita helduen antzerki taldeko antzezlana ikusteko: lehendabizikoa larunbatean, hilak 2; bigarrena, igandean, hilak 3. Bitan izan zuen arrakasta eta 200 bat lagunek ikusi dute 'Futbol-partida' izeneko azken lana.

Ikusleek bazuten ikusmina eta saioaren amaierako txalo zaparradarekin izugarri eskertu zuten aktoreen lana. Tessa Andonegik gidatzen duen taldeak Achille Campanille dramaturgo italiarraren 'Futbol-partida' antzezlana eskaini zuen. Gainera, historian lehenengo aldia izan da antzezlan hori euskaraz ikusten dena, non, eta Oiartzunen.

Oholtza gainera hamabi aktore igo ziren ekaineko saioan: Udane Altuna, Pili Arbelaitz, Usoa Arbelaitz, Jesus Gonzalez; Nati Gonzalez; Amaia Ibarguren; Izaskun Llona; Marga Maritxalar; Luix Mitxelena; Martin Otazo; Izaro Otxoa eta Ekain Susperregi dira. Antzezlan bikaina, ezbairik gabe, ikusi zena udal areto nagusian. Aktoreek izugarrizko lana egin zuten XX. mendeko obra bat egokitu eta herriari eskaintzeko.

Bestalde, Arditurri taldeak 'Bizi-tza hau ez dugu nahi' antzezlana eskaini zuen. Era berean, Langosta taldeak 'Hotela The Hotel El Hotel' emanaldia taularatu zuen.

 

Fotos

Vídeos