Truk txapelketarekin hasi dira Arragua auzoko festak

Truk txapelketak jende asko bildu zuen. / GOIZARIN
Truk txapelketak jende asko bildu zuen. / GOIZARIN

Gaur, auzoko gaztetxoen txanda izango da eta futbol txapelketa jokatuko dute pista berrian

GOIZARIN OIARTZUN.

Arragua auzoan dagoeneko hasi dira festarako motorrak berotzen. Pasa den ostiralean eman zioten hasiera Truk txapelketa mundialarekin. Berrogei bikotek parte hartu zuten.

Atzo, festak behar bezala jarraitzeko, bertso-afari bikaina egin zen Aldeguna elkartean Maialen Lujanbio eta Sebastian Lizaso bertsolariekin. Elkarteko kideek afari gozoa prestatu zuten bertsozaleentzat. Gaur, berriz, auzoko gaztetxoen txanda izango da eta futbol txapelketa jokatuko dute pista berrian.

Festen jarraipena datorren asteburuan izango da. Hortaz, datorren ostiralean, arratsaldeko 14:00etan jubilatuak Aldeguna elkartean bilduko dira bazkari legea egitera. Gero, elkartearen atarian suziria botako dute Agurra dantzatu ondoren, arratsaldeko 18:00etan. Handik abiatuko da, jarraian, Kalejira koloretsua Lartaungo txistulariekin, dultzaineroekin, buruhaundiekin eta Oiartzungo Erraldoien konpartsarekin. Gero, 19:00etan, Gorriti show izango da, poney eta bigantxekin gaztetxoentzat.

Jarraian, 20:00etan preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea izango da. Eta gosetuentzat bertan afaltzeko aukera izango da, bokata eta pintxo goxoak prestatuko baitituzte. Azkenik, Elektrotxufla musika ibiltaria, aspertu arte.

Larunbatean, berriz, goizeko 10:00etan hasiko da festa giroa auzoan, trikitilarien dianarekin. Gero, Haurtzaro Ikastolako dantzarien ikuskizuna izango da frontoian. Oidultz dultzainero taldea ere ibiliko da auzoan zehar, doinu ederrekin bazterrak alaitzeko. Herri bazkaria ere ez da faltako, 14:00etatik aurrera. Egunak, ordea, emango du besterik. Zozketak, sariak, bingoa... Arratsaldeko 19:00etan auzoko artisten eskutik Danborrada izango da, Pasai txarangaren laguntzarekin. Gero, afaria eskainiko dute frontoian 5 euroen truke nahi duenarentzat. Azkenik, DJ XAB-arekin dantzaldia izango da... aspertu arte.

Eta igandearekin amaituko dira aurtengo festak. Diana, meza, pilota partidak, puzgarriak... denetarik izango da Arraguan.