Truk txapelketa 'mundiala' Aldeguna elkartean, gaur

Bihar bertso-afaria Maialen Lujanbio eta Sebastian Lizaso bertsolariekin

GOIZARIN OIARTZUN.

Arraguako festak gaur hasiko dira Truk Txapelketa Mundialarekin. Aldeguna elkartean jarri dute hitzordua, gaueko 22:00etan. «Izena emateko epea 22:00etan bukatuko da, 15 euroren truke. Parte hartzaileek errepeskan jokatzeko aukera izango dute», argitu dute Arragua auzoko festa batzordeko kideek.

Banatuko diren sariak ez dira txantxetakoak: bikote txapeldunak, arkume eder bat, bi legatz eta mariskoa; bigarrenak, arkume bat eta bi ardo botila; hirugarrenak, bi legatz eta bi ardo botila; laugarrenak, bi untxi eta bi ardo botila. Bigarren aukeran, berriz, bi legatz eta bi langostino kaxa eramango ditu aurreneko bikoteak; bi langostino kaxa eta bi xanpain botila, bigarrenak; eta bi oilasko hirugarrenak.

Punta puntako bertsolariak

Eta festak behar bezala jarraitzeko, bertso-afari bikaina izango da bihar, Arraguan. Punta puntako bi bertsolari gonbidatu dituzte: Maialen Lujanbio eta Sebastian Lizaso, hain zuzen. Aldeguna elkartean izango da saioa gaueko 21:00etan hasita. Bertan Aldegunako kideek afari gozoa prestatuko dute bertsozaleentzat. Menua ere iragarri dute: txorizoa, bakailao tortilla, saiheskia, postrea eta edariak.

Dagoeneko afaltzeko txartelak eros daitezke 22 euroren truke, Kabitxo, Miren eta Amazkar tabernetan edota jai batzordeko kideengana luzatuta.

Eta asteburua kirola eginez bukatzeko, etzi, hilak 12, auzoko gaztetxoek futbol txapelketa jokatuko dute pista berrian. Goizeko 10:30ean jarri dute hitzordua.