Teatro fisiko eta maskaren tailerra gabonetan

GARAÑO OIARTZUN.

Xabi Lopez 'Jabato'-ren eskutik antzerki tailerra egingo da herrian. 'Gorputz emozionala Neutralidadetik komediara' izenburupean antzerkizaleak elkartu nahi ditu Xabik. Hilaren 26, 27, 28 eta 29an eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an emango du tailerra. Egunero 10:00etatik 14:00etara.

Jaques Lecoqen pedagogian oinarritu du bere tailerra eta zentzumenen munduan sartzea du helburu. Inguratzen gaituen mundua gehiago ezagutzen lagunduko du Lopezen tailerrak eta modu horretan, gizarte honen erritmoak, espazioak, tonuak soinu eta formak, emozioak... ezagutuko dituzte parte hartzaileak. Horretarako maskarekin jokatuko du sortzaile oiartzuarrak.

Hiru izango dira jorratuko dituzten maskarak: neutroa, sudur gorria eta komediarena. Xabiri lehenengoa egiten zaio erakargarriena eta eszenatokian erabiltzen ez den arren pedagogian duen garrantziagatik azpimarratu nahi izan du. Bigarren maskararekin bakardadea eta hutsunea landuko dituzte. Eta azkenekoan, 'commedia dell'arte'-ko maskara landuko dute.

Laborategi izenez deitzea nahiago du tailer esatea baino. Izan ere, esperimentazioa du helburu. Jendea probatzera animatu nahi du, oholtzarekin harremanetan jartzera eta barruan dugun artista hori ateratzera. Izan ere, jende asko ez da inoiz saiatu jendaurrean hitz egiten edo egoeraren bat antzezten eta Lopezen esanetan terapia izugarria izan daiteke. Horregatik saio hauetan ez da zerbait ongi edo gaizki egongo, denak balioko du eta elkarrengandik asko ikasiko dutela azpimarratu du 'Jabato'-k.

Lopezek tailer irekia dela adierazi du eta edozein pertsonentzat baliagarria izatea nahi du. Oiartzuarrentzat 70 euroko prezioa izango du matrikulak -Udalak diruz lagunduko du-, eta kanpokoentzat 120. Izena eman nahi duenak 647 91 55 92 telefonora deitu beharko du.

 

Fotos

Vídeos