Sokatirako entrenamenduak abian dira festei begira

Entrenamendu bat./
Entrenamendu bat.

KOXKOOIARTZUN.

Xanistebanetako abuztuaren 3a egun berezia izan ohi da, sokatiraren inguruan sekulako jai-giroa sortzen baita. Aurten ere, egun horretan itxura ona emateko eta ahal bada irabazi ahal izateko, ekainaren amaiera aldera hasi ziren gogotsu entrenatzen neska-mutilak.

Astean bi edo hiru entrenamendu egiten dituzte, udako pistinen behealdean dagoen lokalean; urtean zehar Otxeko kideek erabiltzen duten lokal berean.

Parte hartzaileen adina guztiz ezberdina da, 16-17 urtetatik hasi eta 40 urte ingurura arte luzatzen da.

Neskek 8ko 4 talde osatu dituzte: Karrika, Iturriotz, Ugaldetxo eta Altzibar. Mutilek, aldiz, 6 talde osatu dituzte: Gurutze, Ugaldetxo, Karrika, Arragua, Iturriotz eta Ergoien.

Aurreko urtean nesketan Ugaldetxo izan zen txapeldun, mutiletan, berriz, Ergoien. Ea nortzuk janzten duten txapela oraingoan!