Soinuenea-Herri Musika Txokoari buruzko panela

GOIZARIN OIARTZUN.

Oiartzungo Udalak Ergoien auzoan dagoen Soinuenea-Herri Musika Txokoari buruzko panel informatiboa kokatu du Arditurriko bidegorrian, Olaizola jatetxearen parean. Lau hizkuntzatan (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa) jarritako panelak zentroaren ezaugarriak ezagutzera ematen du. Panelean, besteak beste, bi eremu jorratzen dira: erakusketa eta dokumentazio zentroa.

Meatzetan entzuten ziren toberez gain, mundu osoko tresnen erakustokia da Soinuenea. Erakusketan Euskal Herriko nahi munduko kontinente guztietako 400 tresnatik gora daude. Tresna horiek ikusteaz gainera entzun ere egin daitezke audio sistema baten bidez. Euskal Herriko kultura eta bereziki herri musika era didaktiko, ulergarri eta entretenigarrian eskaintzen da bere erakusketan.

Soinuenea ez da soilik museo bat, herri musika eta herri soinu tresnak ezagutzeko, ikerketarako eta topagunerako dokumentazio zentroa da. Herri musikarekin lotura duen dokumentu zabala dago bilduta bertan: idatzizko dokumentuak, argitaratutako eta zuzenean egindako grabaketak (audioa eta bideoa) eta soinu-tresna ugari. Gainera, erakusketa finkoaz gain, urtean zehar herri musika kontzertuak eta bestelako ekintzak antolatzen dira.