Sanmielei ongi etorria emateko, danborradak Ugaldetxoko bazterrak girotuko ditu gaur

Ugaldetxo Kultur Taldeko kideak./GOIZARIN
Ugaldetxo Kultur Taldeko kideak. / GOIZARIN

Erraldoiak, buruhandiak eta trikitilariak ez dira faltako festen hasieran

GOIZARINOIARTZUN.

Gaur arratsaldean hasiko dira Ugaldetxo auzoko sanmielak eta igandean amaitu. Auzoko Kultur Taldea, beste behin ere, buru-belarri aritu da lanean, eta festa herrikoiak eta parte hartzaileak antolatu ditu hiru egunez, Oiartzungo Udalaren babesarekin.

Hala, gaur arratsaldeko 18:00etan festei hasiera emateko danborradak auzoko kaleak girotuko ditu, erraldoi, buruhandi eta trikitilarien laguntzaz. Gero, elkarretaratzea egingo da, Oidultz dultzainero taldearekin batera. Eta ilunabarrean afari-merienda izango da norberak ekarritako tortila, gazta, pintxoak eta abarrekin. Bertan ardoa eta sagardoa erosteko aukera izango da. Gaueko 22:00etan XLI. Truk txapelketa hasiko da Karpan, sari potoloekin.

Biharko egunean kirola izango da protagonista Ugaldetxon. Izan ere, goizeko 10:30ean Duatloia izango dute haur eta gaztetxoek. Bi talde antolatuko dira: 4-8 urte bitarteko haurrek 300m korrika eta 800m bizikletaz egin beharko dituzte; 9-12 urte bitartekoek, aldiz, 500m korrika eta 1000m bizikletaz. Antolatzaileek adierazi dute norberak bere kaskoa soinean ekarri beharko duela.

Horren ondoren, puzgarriak eta tailerrak izango dira haurrentzat. Goizean zehar, kotxe erakusketaz gozatzeko parada ere eskainiko dute.

Eta 14:00ak aldera, bertso-bazkari bikaina hasiko da, punta puntako bi bertsolarirekin, Alaia Martin eta Jon Martin, hain zuzen. Gai jartzaile lanetan Imanol Artola arituko da. Txartelak Intxixun eros daitezke dagoeneko. Bazkal ondoren, bingoa.

Eta 18:00etan hasita, Pokeleke txaranga; 21:00etan, Andoni Ollokiegi eta 23:30ak aldera Ezten giro taldeak girotuko dute auzoa.

Korrikalariei gonbidapena

Behobia-Donostia lasterketa prestatzen ari diren korrikalari asko dabiltza herrian eta entrenamendu modura, egokia den lasterketa korritzeko aukera izango dute datorren igandean, hilak 29, goizeko 10:30ean Ugaldetxon jokatuko den VI. Krosean. Bi lasterketa egongo dira: bat 3,5 Km-koa 14/16 urteko neska-mutilentzat eta bestea 7,5 Km-koa helduentzat. Lasterketaren ondoren, korrikalari guztientzat hamaiketakoa egongo da. Izen emateak www.herrikrosa.eus edo igandean Ugaldetxon, 10:00ak arte.