Sahara eguna udalekuetan

Herrialde eta kultura berri bat ezagutzeko aukera izan zuten herriko gaztetxoek. / KOXKO
Herrialde eta kultura berri bat ezagutzeko aukera izan zuten herriko gaztetxoek. / KOXKO

KOXKOOIARTZUN.

Ostegunean ospatu zuten Oiartzungo udaleku irekietan Sahara Eguna, Elizalde Herri Eskolan. Antolatzaileek adierazi dutenez «ekitaldi xume bezain polita izan zen».

Hasteko, begirale guztiek jantzi zuten saharar arropa soinean. Saharar eta Euskal kultura uztartzeko eta giroa apur bat berotzeko, goiz-goizetik bi herrialdetako musika jarri zuten entzungai eta Saharako bandera eta Ikurrina ipini.

Ondoren, taldetxo txikietan jarri eta Sahara zer eta nolakoa den azaldu zitzaien haur eta gaztetxoei, bertako bizimodua nolakoa den azalduz. Horretarako, argazkiak ipini zituzten; bertako jantziak, dendak, haimak eta janariak erakutsiz. Txikienek marrazkiak egin zituzten ikusten eta entzuten zutenaren arabera. Denetik margotu zuten, dromedarioak, haimak eta basamortua, besteak beste.

Egoera gogorra bizitzen ari den herrialde honetako ipuin tradizional bat ere kontatu zuten. Gaztetxoek atentzio eta emozio handiz bizitu zuten narrazioa. Bukatzeko, aukera izan zuten kontatzeko, jatorriz sahararrak diren edota familia sahararra duten baina Oiartzunen bizi diren haurrek, haien bizipenak, sentimenduak eta Sahararen inguruko kontuak.