Rafting egingo dute Haurtzaroko mendizaleek, Bidarrain

GOIZARIN OIARTZUN.

Haurtzaro Mendi Taldeak datorren iganderako, hilaren 19rako, egun osorako irteera antolatu du. Oraingoan Iparraldeko Errobi ibaian rafting jaitsiera egingo dute. Gero, Bidarrai herrian bazkalduko dute eta solasean eta jolasean denbora pixka bat pasa ondoren, Oiartzunera bueltatuko dira arratsalde erdialdean.

Haurtzaro Mendi Taldeak duela hogei eta bost urte (1994-95 ikasturtean) eman zion hasiera ekimen honi. Bi hiletik behin, igandearekin, eguraldia lagun, inguruko mendiak ezagutzeko eta elkarrekin tarte atsegin bat igarotzeko helburuekin antolatzen dituzte irteerak. Horietan, ikasleek eta gurasoek parte hartzen dute. Mendi txangoak hiruzpalau ordukoak izaten dira, eta ordu erdiko atsedenaldia egiten dute hamaiketakoren laguntzaz indarberritzeko.

Ikasturte honetako lehenbiziko mendi irteera azaroaren 18an burutu zuten. Gurutze auzotik barrena ibilbide erraz bat antolatu zuten, ikasturte berriari hasiera on bat emateko. Bigarren ibilaldia otsailaren 17an egin zuten, Arritxulo-Pikoketa arteko zeharkaldia hain zuzen. Hirugarren irteera martxoaren 31n izan zen, Adarra mendira. Eta rafting egin ondoren, azken ekimena ekainaren 2an izango da, Haurtzaro Ikastolaren egunean hain arrakastatsua den jinkana antolatuko dute eta. Aurten, eguraldi txarra medio, eski irteera bertan behera gelditu da.