Proiekzioa eta irteera urtarrila agurtzeko, Girizia Mendi Elkartearen eskutik

Girizia Mendi Taldeko lagunak Jurramendiko tontorrean. /  GOIZARIN
Girizia Mendi Taldeko lagunak Jurramendiko tontorrean. / GOIZARIN

Oiartzun-Olaizola ibilaldia hilaren 27an Girizia Mendi elkarteko lagunen irteera izango da

GOIZARIN OIARTZUN.

Urtarrila agurtu baino lehen, bi hitzordu garrantzitsu jarri ditu Girizia Mendi Elkarteak. Hilaren 25erako, proiekzio bat iragarri du, Udal Areto Nagusian. «Saioa iluntzeko 20:15ean hasiko da eta bertan 2018 urte osoko argazki bilduma erakutsiko dugu pantaila handian», adierazi du Itziar Iñarra elkarteko kideak. Hortaz, gonbidapena luzatuta dago.

Eta astea borobiltzeko, hilaren 27an Girizia Mendi elkarteko lagunen irteera izango da, urteko estreinaldia. Oiartzun-Olaizola ibilaldia egingo dute animatzen diren mendizaleek. «Goizeko 08:00etan elkartuko gara Doneztebe plazan eta bost orduko ibilaldia egingo dugu», adierazi du Itziar Iñarra Giriziako arduradunak. «Donajakue bidea jarraituz hasiko dugu irteera: Iturriotz auzoa, Aristizabal baserria, Añerre eta Listorreta igaro ondoren, Otzazuluetara joko dugu. Behin Markesaren basoa pasa ondoren, Epeletik barrena Olaizola sagardotegira iritsiko gara, partaide guztiak bertan bazkari legea egitera, modu ezin hobean indarberritzeko», gaineratu du.

Izena emateko ohiko tokietara jo beharko da: Garmendi txokolategira edota 'on line'. Guztira 37 euro ordaindu beharko da (bazkaria eta itzulerako autobusa barne). Izena emateko azken eguna hilaren 23a izango da.