Primerako giroa ziurtatua Altzibarren

Haur eta nagusi, giro bikanean murgildu dira festetan Altzibarreko biztanleak. / BASTEROBERRI
Haur eta nagusi, giro bikanean murgildu dira festetan Altzibarreko biztanleak. / BASTEROBERRI

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Altzibarreko auzotarrak Sanpedro jaietan murgildu ziren atzo, eta urte osoan amestutako asteburua heldu zaie, azkenean. Pasa den asteazkenean, biharko danborrada prestatzeko lanetan zebiltzan, serio demonio. Atzokoan, berriz, haurren puzgarriak eta pintxo-poteak hartu zuten festaren lekukoa.

Gaur, arratsaldeko 17:00etan ekingo diote berriro festari. Streebasket 3x3 lehiaketa jokatuko dute Gaztelekuko kantxan. 16 urtetik gorakoentzat da eta talde bakoitzak 4 jokalari beharko ditu izan. 18:00etan festei hasiera emateko suziria piztuko dute, segidan, txistulari eta buruhandiekin kalejira egingo dute auzoko bazterretan alaitasuna zabaltzeko. Horren ondoren, sabel-dantza erakustaldia izango da Martintxo plazan eta, 20:00etan, herriko preso, deportatu eta iheslarien aldeko elkarretaratzea izango da, plazatik hasita.

Azkenik, ilunabarreko 21:00etatik aurrera, afari-merienda herrikoia auzoko plazan egingo da: tortillak (urtero bezala, bakoitzak berea eramanda) eta sardinak jatea (dohainik, dagoena bukatu arte). Afarian zehar, itsaski-jan eder baten eta beste sari askoren zozketak egingo dira.

IX. Duatloia eta Danborrada

Bihar, hilak 30, goizeko 10:30etan, 6 eta 14 urte bitarteko haurrek eta gaztetxoek IX. Duatloia jokatuko dute. Bizikleta eta kaskoa (derrigorrezkoa) norberak eraman beharko ditu, eta, parte hartu nahi duenak, 10:30etan Arditurri Bidegorriko sarreran egon beharko du.

Eguerdiko 12:00etan, Altzibarko Martintxo plazan toka txapelketa hasiko da. Eta, 14:00etan, auzoko jubilatuen bazkaria ospatuko dute Bazkun Zahar Berrin. 16:30etatik aurrera, XXXIV. Truk Txapelketa jokatuko da, auzoko Esku Garbia elkartean. Izen ematea 16:15etan itxiko da. Ordu erdi bat beranduago, III. Ping-pong lehiaketa hasiko da Agerrealdeko parkean, 16 urtetik gorakoentzat.

Gero, 17:00etan, Lur Korta eta Izaskun Mujikaren eskutik 'Bidaian' ipuin antzeztua hasiko da plazan. Eta 18:00etan, danborrarien txupinazoa eta poteoa Olaldeko etxeetatik hasita. Hortaz, ilunabarreko 19:30etan, Altzibar auzoko haur eta helduen danborrada irtengo da.

Gaueko 00:00etan, zezensuzkoa ibiliko da plazako txokoetan barrena. Jarraian, DJ Mikeltxirekin dantzaldiari hasiera emango zaio. Aldi berean, DJ festa hasiko da Gaztelekuko txosnan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos